Burunda ekialdeko hiru herriak badute medikua

Guaixe 2009ko urtarrilaren 13a

Aurreko astean, asteazkenetik ostiralera medikurik ez zen izan Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaingo kontsultategietan. Hori dela eta, burundarrek Etxarriko osasun etxera jo behar izan zuten. Aldi berean, osasun eskualdeko gainontzeko medikuek, txandaka, etxeetarako bisitak egin zituzten eta larrialdietara atera ziren. Orain arte Burundako hiru herrietan zegoen mediku batek beste herri batean plaza lortu zuen. Lekualdaketa zela eta kontratua eteteko nahia azaldu zion Osasunbideari. Nafarroako osasun zerbitzuak 15 egun izan zituen ordezkoak bilatzeko, baina ez zuen medikurik opatu eta horregatik egon dira hiru egunez Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaingo kontsultategiak sendagilerik gabe. Urdiaingo alkate Migel Angel Zubiriak egoeraren berri izan eta Osasunbideko Lehen Arretako Zerbitzuarekin harremanetan jarri zen. "Ahaleginak egin arren ez zutela medikurik opatu esan zidaten Osasunbidean" azaldu digu alkateak. Migel Angel Zubiria kexu azaldu zen Nafarroako Gobernuak lehen mailako osasun arretaren kudeaketarekin. Herritarrak "haserre" agertu direla ere esan digu Urdiaingo alkateak. Baldintza eskasakAste honetan behin-behineko ordezkoak egon dira lanean eta heldu den astetik aurrera Burundako mediku bat egonen da. Etxarri Aranazko Osasun Zentroko zuzendari Antonino Goikoetxeak azaldu digunez "horrela bi urterako edo estabilitatea lortuko dugu". Antoninok berak 31 orduko lanaldia egin berri zuela, esan zigun osasun eskualdean ahaleginen "mugan" daudela lanean. Lakuntza eta Urdiain bitarteko herritarrei osasun zerbitzua emateko lau sendagile, pediatra bat eta bost erizain daude. Zaintzak egiteko erizainak badaude ez, ordea, medikuak. Horrek lanaldi luzeak eta nekea dakar. Gainera, baja edo oporraldiak direnean kontsultak ixtea ekartzen du.