Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri berri du Urdiain-Altsasu industrialdeko S-1 sektoreko desjabetze egitasmoa. Horrekin batera jendaurrean daude aipatu sektoreko lurjabeen, ondasunen eta ikututako eskubideen zerrendak ere. S-1 sektorea industrialdeko Urdiaingo zatia da. 124 lursailen jabeek etxean horren berri ematen duten gutunak jaso dituzte. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak Nasuinsa enpresa publikoaren bidez sustatu du Urdiain-Altsasu poligonoa. Lurjabeei lurren truke 2,90 euro inguru dizkie metro karratuko. Horri lursailetan dauden zuhaitz edo eraikinengatik ordaindu beharrekoa gehitu behar zaio. Urdiaingo alkate Migel Angel Zubiriak esan digunez, "duela 16 urteko prezio bera da. Aurretik ere badaude aurrekariak eta prezioak igotzen saiatzeko gestioren bat eginen du udalak". Jose Maria Roig kontseilariak iazko lastailaren batean aurreratu zuenez industrialdeko lanak urte erdialdean hasiko dira eta 2010eko bigarren sei hilabetekoan despedituko dira. Industrialdearen 600.000 metro karratuko azalera urbanizatzeko 25 milioi euro bideratuko ditu Nafarroako Gobernuak.