Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ilbeltzak 17, San Anton. San Antonek abeltzainak eta abereekin zerikusia duten lanbideak babesten ditu. Garai bateko mandazainek bere babesle gisa aukeratu zuten eta haien kofradien ospakizunak gureganaino iritsi dira. Asteburuan ospatuko dituzte, beraz, san antondarren kofradiek haien eguna. Bakaikun, larunbatean, 13:00etan bilduko dira kofradeak. Bereziki azken urtean hildako kideen aldeko elizkizunean izanen dira lehenik. Ondoren, elkartean, batzarra eginen du kofradiak, kontuak egunean jarri eta arduradun karguak berritzeko. Ondoren, mahaiaren inguruan bilduko dira. Iturmendin domekan ospatuko dute san antondarren haien eguna. 11:30ean mezara joanen dira. Apaiz etxean karguak berritu ondoren bazkaltzera bilduko dira San Anton kofradiako kideak. Urdiainen, Bakaikun bezala, bihar bilduko da San Anton kofradia. 12:00etan meza izanen da. Elizkizuna eta gero gosaltzera bilduko dira. Batzarra ere eginen du kofradiak, arduradunak izendatzeko.