IKURRAK

Guaixe 2009ko urtarrilaren 16a

Kolorezko argiak eta bolatxoak, girnaldaz jositako pinu eta ipuruak, belenak, gabon kantak, koloretako paperak, Olentzero, Papa Noel edo Errege Magoak. Ikur hauek eta urte osoko beste guztiak: AHTren aurkako ikurrak, presoen aldekoak, lan istripuen aurkakoak, emakumeen aurkako bortizkeriaren aurkakoak, Palestinarren aldekoak, Nuklearrik ez!, Itoiz gelditu!, Sahararren aldekoak, Nunca Maix.... Eta azkena! Elizak banatu dituen estandarteak: hautsez estalitako makina bat irudirekin batera sortu duten lema: Dios está con nosotros. Makina bat etxe fededunetan paratu dituzte, egun hauetako izpiritu bakezalea islatzeko. Estandartea jartzen ez badut, JaunGoikoa, nirekin ez egotez gain, nire aurka al dago? Nuklearren aurkako pegatinarik ez badaukat kotxean, hauen alde nago?Ez al da nahikoa? Zergatik dugu horren hiztunak izan baharra? Norberearen ideologia, ideograma edo dena delakoa plazaratu eta publikoa egitea beharrezkoa balitz, mundu osoko etxaurre guztiak panfletoz bete genitzake. Baina ideiek denboran irauteko kualitatea dute eta pegatinak arratsalde bat irauten du alkandoran, ikurrinak, akaso, urte bat balkoian.Eguberriek eragiten didaten azkura eta sukarra ekidin nahian elurretan bustitako estandarte batekin, burutazio bat izan dut: Tápiesen margolan bat jarriko nuke nire leihopean., (2m. x 2m. neurtzen duten hoietako bat, 12000€tik gora ordaintzen dena,  gurutze beltza barne) eta hotzak, izotzak, elurrak eta euriak berea egin zezaten utziko nieke... Artista pinturaren mugak urratzen aritu izan bada, lurrin politiko-biolentoa duen akzio honekin urratu baino suntsitzea lortuko genuke. Pinturaren materialtasuna lurreko eta pareteko harriaren laztasunarekin bat egitea lortuko genuke. Materiaren eta itsatsitako elementuen pobrezia kaleko zaborrekin bat eginik indartuko genuke. Tápiesen inguruko jakitunek obraren alderdi politikoaz jardun izan dira askotan (katalanez idatzi eta pentsatzen duelako agian), baita 50. hamarkadako obraren alderdi espiritual eta majikoaz ere, nire auzokideak gaur egun bezalaxe.  Antoni Tápiesen lana ezinezkotzat kontsideratu da, eta horrexegatik egiazkoa. Nire ametsaren edo gizartearen isla ote?