Derby borrokatua Etxarrirendako

Guaixe 2009ko urtarrilaren 19a

Larunbatean Erregional mailan dabiltzan bi talde sakandarren arteko derbya hartu zuen Etxarri Aranazko San Donato futbol zelaiak, Etxarri eta Altsasuren arteko derbya hain zuzen. Derbyak izan ohi direnez, partida oso borrokatua izan zen. Lehen zatian Etxarri Aranatzek gola sartzeko hainbat aukera argi izan zituen; horietako bat kanpora joan zen, eta falta zuzen bat primeran geratu zuen Altsasuko atezain Gorrizek. Bigarren zatia hasi eta berehala Etxarri Aranazko Morenok etxarriarren lehen gola sartu zuen, 47 minutuan hain zuzen. Ordutik aurrera jokoa batez ere zelai erdian gauzatu zen, kasik gol aukerarik gabe, etxarriarrek 78. minutuan aldeko penalty bat sartu arte. Horrela, azkenean 2-0 irabazi zuen Etxarrik. Erregional mailako II. multzoan Gazte Berriak taldeak eusten dio lidergoari, 38 punturekin. Etxarri Aranatz hirugarrena da, 30 punturekin. Asteburuan 16. jardunaldia izango da jokoan. Larunbatean Zizurren jokatuko du Etxarri Aranatzek, 24 punturekin sailkapenean bosgarrena den Ardoi taldearen kontra. Larunbatean, Dantzalekun, 17 punturekin sailkapenean zortzigarrena den UPNA hartuko du Altsasuk, bere atzean dagoen arerio zuzena. Ea zortea alde bi garaipenak Sakanan geratzen diren.