Australiako Tour Down Under Kriteriuma McEwenendako

Guaixe 2009ko urtarrilaren 19a

Atzo abiatu zen profesional mailako txirrindularitza denboraldia, Australian jokatutako Tour Down Under Kriteriumarekin. Adelaidan burututako 51 km-ko proba izan zen atzokoa, bihar hasi eta igandean despedituko den Tour Down Under tourraren atarikoa. Goi mailako txirrindularitzak sortutako ohiko zalapartaz gain, Lance Armstrong txirrindulariaren itzulerak are ikusmira gehiago piztu zuen, eta jarraipen handia izan zuen Australiako probak. Kriteriumaren irabazlea Katusha taldeko Robbie McEwen izan zen, Stroetinga eta Brown txirrindulariei esprintean gailendu eta gero. Atzo Euskaltelekin debutatu zuen Pablo Urtasun urdiaindarra 40.a sartu zen helmugara, 10 segundora, eta Caisse d´Epargnen dabilen Hiriberriko Imanol Erbiti 60.a izan zen, 23 segundora. Hain zuzen ere denbora horretan sartu zen hiru urteren ostean txirrindularitzara itzuli den Armstrong.