Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo abiatu zen txirrindularitzako aurtengo denboraldiko lehen itzulia, Australiako Down Under Tourra hain zuzen. Norwood eta Mawson Lakes bitarteko 140 kilometroko etapa esprintean erabaki zen, eta Columbia taldeko Andre Greipel alemaniarra izan zen nagusitu zena (3:45:27), Booke Baden, Stuarte O´Grady eta Robbie McEwen menpean hartuta. Ildo honetan, aipatzekoa da McEwenek helmugarako 150 metro falta zirela istripua izan zuela, gehiegi hurbildu zen ikusle baten kamararekin engantxatu baitzen. Ubeldura eta urratu ugari dauzka McEwenek eta ikusteko dago Australiako proban jarraituko duen hala ez. Tropela irabazlearen denbora berean sartu zen, eta sakandarrei dagokienez Caisse d´Epargneko Imanol Herbiti 57.a sartu zen, irabazlearen denbora berean, eta Euskalteleko Pablo Urtasun 90.a, denbora berean. Nahiz eta etapa esprintean erabaki, etapako proteagonistak Silence Loto taldeko Olivier Kaisen eta Euskalteleko Andoni Lafuente izan ziren, 100 km-ko ihesaldia burutu baitzuten. Helmugarako 20 km falta zirela harrapatu zituzten. Uda da Australian eta tenperaturak oso altuak dira, txirrindularien kalterako. Atzoko etapan 40 gradu egiten zituen. Gaur bigarren etapa jokatuko da, 145 km-koa, Hahndorf eta Stirling artean, eta pentsatzekoa da txirrindularien etsai nagusiena izango dela gaurkoan.