Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean abiatu zen txirrindularitzako aurtengo denboraldiko lehen itzulia, Australiako Down Under Tourra. Lehendabiziko etapan tropela batera iritsi zen helmugara eta esprint ikusgarrian Columbia taldeko Andre Greipel alemaniarra nagusitu zen, Booke Baden, Stuart O´Grady eta Robbie McEwen menpean hartuta. Caisse d´Epargneko Imanol Erbiti eta Euskalteleko Pablo Urtasun denbora berean sartu ziren, lehena 57.a eta bigarrena 90.a. Australiako udako tenperatura altuak akaso txirrindularien etsai nabarmenenak dira. Atzo bigarren etapa jokatu zen, 145 km-koa, Hahndorf eta Stirling artean, eta dagoeneko txirrindularien arteko diferentziak agerian jarri ziren. Euskalteleko Markel Irizar, Cofidiseko Guillaume Blot eta UniSAko Aaron Kemps eguneko ihesaldiaren protagonistak izan ziren, 6. km-an ihes egin baitzuten, bost minutu pasako aldea atereaz eta 100 km-ko ihesaldia eginez, baina tropelak harrapatu egin zituen, hain juxtu etapa bukaeran 20 km-ko zirkuituari eman beharreko hiru buelten lehenengoan. Etapa bukaeran mugimendu asko egon ziren, akaso ikusgarriena hiru urte eta gero txirrindularitzara itzuli den Armstrongek jo zuen erasoa, baina soilik minutu batzuk egon zen aurrean, esprinterren taldeek etapako burutza hartu baitzuten. Urtasun lurreraHorrela, etapako bukaera igoera motz baina gogorrean despeditzen zen eta azkarrena Australiako UniSA taldeko Allan Davis izan zen (3:46:25). Hiru urte eta gero txirrindularitzara itzuli den Astanako Lance Armstrongek eta Caisse d´Epargneko Oscar Pereirok 13 segundo galdu zituzten, tropel nagusiarekin sartu eta gero. Imanol Erbiti 58.a izan zen, denbora berean. Askoz ere denbora gehiago galdu zuen aurten Euskaltel taldearekin debutatu duen Pablo Urtasunek. 131.a sartu zen helmugara, 18:04ra, erorikoa izan eta gero. Likidoak edateko hornidura gunean bidoi bat omen zegoen lurrean eta aurretik zegoen txirrindularia erori eta gero, Urtasunek ezin izan zuen istripua ekidin eta lurrera erori zen. Urdiaingoak kuatriceps-ean kolpea dauka baina ez du aparteko arazorik. Kontua da atzoko etaparen bukaera Urtasunendako egokia zela, zirkuituko azken 5 kilometroek goranzkoak baitziren, baina hurrengo batean izan beharko da, inportanteena da ez zuela min handirik hartu. Sailkapen orokorrean Allan Davis da burua (7:31:42). Imanol Erbiti 46.a da, 23 segundora, eta Pablo Urtasun 127.a, 18:14ra. Gaur hirugarren etapari aurre egin beharko diete, Unley herrian hasi eta Victor Harborren bukatuko dena, 136 km osatu eta gero. Tourra igandean despedituko da.