Nazabal eta Mugerza II.ak Arrospide eta Azurmendi dituzte zain Mallabian

Guaixe 2009ko urtarrilaren 23a

Aurrera doa Egur Sport enpresak antolatutako Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa-Eusko Label Sari Nagusia. Bi mailatan jokatzen ari da txapelketa, urrezko mailan eta gazteen mailan. Urrezko mailan 7 biko dira lanean ari direnak, bi multzotan banatuta. B multzoan Floren Nazabal etxarriarrak Ugaitz Mugertzarekin osatu du bikoa, eta beste bi bikoak Arrospide-Azurmendi eta Olasagasti Txapartegi dira. Txapelketako lehen ligaxkan guztiak guztien kontra lehiatuko dira. Bada, Nazabalek eta Mugertza II.ak Olasagasti eta Txapartegi menpean hartu zituzten abenduan Mutrikun, eta Arrospidek eta Azurmendik ere. Hortaz, Nazabal eta Mugertza II.a eta Arrospide eta Azurmendi dagoeneko finalerdietarako sailkatuta daude, baina euren arteko lehiak finalerdietan noren kontra ariko diren erabakiko du. Aizkora jaialdia Bizkaiko Mallabian jokatuko da, igandean, hilaren 25ean, 17:30ean. Nazabal eta Mugertza II.a dira proba irabazteko faborito nagusiak baina Arrospide eta Azurmendi ere dena emateko prest daude. Finalerdia ziurtatuta dutenez lasaiago ariko dira bi bikoak, baina animorako irabaztea oso inportantea dela ez dago esaterik, eta irabaztea ona litzateke Florenendako eta Ugaitzendako. Sei lan egin behar dituzte guztira: 45 ontzakoa kolpeka moztea; 60 ontzakoa zutik moztea, txanda librean; aizkolari bakoitzak 45 ontzakoa erlojuz kontra moztea; 45 ontzako enbor bat zutik eta bestea etzanda moztea; abiadura proba, 60 ontzako bi menbor ebakitzea; eta lanerdia, hau da, bi 45 ontzako, bi 60 ontzako eta kanaerdiko bi enbor txanda librean mozteaBestalde, urrezko mailako A multzoan dagoeneko erabakita daude nor pasako diren finalerdietara: Larretxea - Atutxa II.a eta Arria V.a - Rekondo. Bidean geratu dira Lopez Azpilikueta - Vicente eta Mindegia - Senosiain. Gazte sakandarrak igandean AraianGazteen mailan sei bikote daude lehian Binakako Urrezko Aizkoran, bi multzotan banatuta. B multzoan biko sakandarra dugu, Iñaki Vazquez "Sakana" altsasuarrak David Amillano altsasuarrarekin osatutakoa, Amillanok Ibai Gorritiren tokia hartu eta gero. Gainontzeko multzokideak Ruben Saralegi-Ander Olano eta Ander Erasun-Julen Kañamares dira. Erasun eta Kañamares finalerdietarako sailkatuta daude, Amillano-Vazquez eta Saralegi-Olano menpean hartu eta gero. Igandean, hilak 25, 12:00etan Araian antolatutako jaialdian Vazquezek eta Amillanok Saralegi eta Olano izanen dituzte aurkari, eta irabazlea finalerdietarako sailkatuko da. Hortaz, ez da emoziorik faltako eta ea sakandarrek txapelketan aurrera egiteko txartela lortzen duten.  Bestalde, Araiako jaialdiko beste norgehiagokan gazteen mailako A multzoan dabilen eta Sakanako aizkora eskolan formatzen den Arkaitz Jauregi arabarrak Rodriguez II.arekin osatuko du bikoa, Garikoitz eta Oihan Larretxearen kontra aritzeko. A multzoan, momentuz, ez dago erabakita nor pasako den finalerdietara: Larretxeatarrek 3 puntu dauzkate, Aratz Mugerzak eta Jokin Alkizaletek punturik ez, eta Jauregi eta Rodriguez II.a igandean sartu dira lehian. Igandekoa eta gero Jauregi eta Rodriguez II.ak Mugerza eta Alkizalete izango dituzte arerio. Guztiek ere bost lan egin beharko dituzte: aizkolari bakoitzak 45 ontzako enborra kolpeka moztu; aizkolari bakoitzak 45 ontzako enborra moztu, erlojuaren kontra; 36 ontzako enborra zutik moztu eta 45 ontzakoa etzanda ebaki; 60 ontzako enborra txanda librean azkarrago nork moztu; eta 45 ontzako bi enbor eta bi kana erdiko moztea.