Euskarabideak hedabideendako laguntzak eman ditu

Guaixe 2009ko urtarrilaren 19a

Iaz euskara erabiltzeagatik Nafarroako komunikabideen artean banatutako diru-laguntzak aurreko asteazkenean egin zituen publiko Euskarabideak. Diru-laguntza deialdian hasiera batean 310.000 euro aurreikusiak bazeuden ere, gora-behera askoren ondoren 240.000 euro banatu ditu Euskarabideak hedabideen artean, %22,5 gutxiago. Euskarabideak 48.000 euro gaztelaniazko publikazioetan euskarazko idatziak tartekatzen dituen 15 komunikabideri eman dizkio. Gainontzeko 192.000 euroak euskara hutsez jarduten duten 27 hedabideen artean banatu da. IbarraSakanako hedabideei dagokienez, Sakanako Mankomunitateak haur eta gazteei begira argitaratzen dituen Laisterkan eta Gu Geu aldizkariek 6.298 eta 6.399 euro jaso dituzte. Bierrik Fundazioak, berriz, 11.579,69 euro jaso ditu Guaixe astekariagatik, 1.592,91euro Guaixe on-line web orriagatik eta 9.685,48 euro Beleixe Irratiaren kudeaketagatik. Guztira Sakanako hedabideek 35.555,08 euro jasoko dituzte. Euskarabideak emandako diru-laguntzak iazko jardun ekonomikoa ixteko balio badu ere, Nafarroako euskarazko hedabideen sektorean hainbat proiekturen jarraipenarekin "kezka" dago. Izan ere, aurtengo diru-laguntza partidan 9.567 euro besterik ez dira aurreikusten.