Ekintzaileak oso kritiko azaldu dira mankomunitatearen aurrekontuarekin

Guaixe 2009ko urtarrilaren 21a

Aurrekontuen "lanketan eta aurre eztabaidan ez dute parte hartzerik izan ez alderdi politikoek ezta jendarte eragileek ere. Aurrekontuak bazterketaren fruitu dira". Hala hasi zuten asteartean prentsaurrekoa mankomunitatearen aurtengo aurrekontuen inguruan balorazioa egin zuten EAE-ANVko ordezkariek, Luziano Agirre, Juanjo Goikoetxea, Fran Balda eta Gaizka Uharte. Ekintzaileek esan zutenez "NaBaik ez du proiektu bat Sakanarako, irizpide edo jomuga garbirik ere ez, eta hau aurrekontuetan islatu da". Ezker abertzaleko hautetsiendako mankomunitatearen aurrekontua "inprobisazioaren emaitza dira. Hasierako indefinizio eta helburu ezarik gabe jarraitzen dugu". Horrek EAE-ANVko ordezkariendako azalerazten du "mankomunitateko arduradun politikoen inkonpetentzia" batetik, eta, bestetik, "Sakanarako beharrezkoak diren dinamikak aurrera ezin eramanez, mankomunitatea blokeo egoera batera eramaten ari dira, batez ere, NaBaik garrantzi handiko gaietan barne adostasuna lortzeko duen ezintasunagatik". Euskara eta garapenaBi batzorde horiek jarri dituzte ekintzaileek aurreko guztiaren adibide gisa. Euskara Batzordeari buruz ekintzaileek adierazi zuten "dinamizazio organo hau edukiz hustu dute eta zainketa intentsiboen unitatera eraman dute". Ezker abertzaleko ordezkariek esan zutenez, "NaBaik aurkezturiko eta onarturiko aurrekontuetan islatzen da. Bigarren aldiz planifikaziorik gabe aurkeztu dira, zer bultzatu nahi den jakin gabe, lan egiteko irizpideak zeintzuk diren zehaztu gabe eta hauen lanketan parte hartzea ukatuz". Ekintzaileendako "zerbitzuko arduradun politikoaren dimisioak NaBaik inposaturiko dinamikaren aldaketa ekar lezake. Aldaketa hori gauzatzeko deialdia eta gonbitea egiten dugu". Aurretik zegoen funtzionamendu araudia berrezartzea eskatu zuten. Garapenari dagokionez, partzuergoaren aldeko haien hautua gogora ekarri ondoren, Garapen Batzordea martxan ez dela jarri esan zuten ekintzaileek, eta gehitu zuten: "aurrekontuei kasu eginez, Cederna-Garalurren bidez kudeatuko den instrumentu soil batean bilakatu nahi dutela ematen du, eduki zehatzik gabe, eztabaidarik gabe eta iniziatiba aukerarik gabe". ZangituEzker abertzaleko eledunek asteartean esan zuten Urdiain-Altsasu industrialdea ez dela "gure eredua. Ez da Urdiain eta Sakana duten premien erantzuna". Ekintzaileek azaldu zutenez "gure premiei eta beharrei erantzunen dieten egitasmoen alde egiten dugu. Lurralde oreka bilatzen duena, bertatik erabakitzen dena". Burunda aldeko industrialde egitasmoaz esan zuten "UPNren interesei" erantzuten diela. Ekintzaileek gehitu zutenez "Zangituko industrialdearen inguruan NaBaik dituen barne ezadostasunak ezagunak izanagatik, honek ez luke zertan biztanleen arteko eztabaida ukatzea ekarri behar". Arrazoi beragatik abiadura handiko trenaren egitasmoa ere izan zuten hizpide.