Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Astebururako iragarria zegoen haizetearen ondorio nabarienak Sakanan argi mozketak izan dira. Lizarragabengoan, esaterako, ostiral gauean argia joan zen. Antza, txipu bat transformadore ondoan erori zen eta horrek sortu zuen argindar zerbitzuaren etena. Larunbateko arratsaldeko seietaraino ez zen zerbitzua bueltatu. Arakil aldean, larunbatean goizeko zortzietatik eguerdira arte edo ez zuten argindarrik izan. Ibarrean izan ziren beste argi etenak ez ziren hain luzeak izan, ordu pare batekoak asko jota. Bestelako kalterik ez du sortu denboraleak. HaizeaHaize bolada indartsuak neurtu zituzten Nafarroako Gobernuaren metereologia estazioak. Hala, 173 km orduko abiadura neurtu zioten haizeari Aralarren. Etxarri Aranatzen 96 km orduko abiada neurtu zen eta 84koa Urbasako estazioan. Horren ondorioz suhiltzaileek zenbait irteera egin behar izan zituzten. Zuhaitz bana erortzeko arriskua zegoelako Irurtzunen eta Urdiainen izan ziren. Aurreneko herrian ere zenbait teila kendu zituzten teilatutik. Hiriberrin teilak beharrean txapak kendu zituzten. Azkenik, obrako materiala ziurtatzen egon ziren Etxarrenen eta San Romanen. Bestalde, Irurtzungo errepideen mantenuko gunearen bidez errepideetan jazotakoak konpontzeko 18 abisu jaso zituen. Haietako sei autobian, eta gainontzekoak bigarren mailako errepideetan. Haizeak eta euriak hotzari eman zioten txanda eta atzo elurra egin zuen. Batez ere arratsaldean. Adituek esan dutenez elur maila 450 metrotara jaitsi daiteke. Errepideetan elurra eta izotza egon daitezkeelako Nafarroako Gobernuak tentuz gidatzea ahlkatu du