Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urteroko hitzorduari huts egin gabe, hemen da atzera ere Nafarroako Bertsolari Txapelketa. 38. edizioan txapelketara itzuliko da atzera ere 5 aldiz txapeldun izan den Xabier Silveira. Lehiaketa hutsetik haratago, bertsolaritza sustatu eta ezagutaraztea dira txapelketaren helburu nagusiak. 25 bertsolari arituko dira txapela jantzi nahian, horien arteko bi sakandarrak: Eneko Lazkoz etxarriarra eta Oier Lakuntza urdiaindarra. Nafarroako bertsolaritzak belaunaldi aldaketa nabarmena izan du azken urteetan. Agerian uzten du hori txapelketako bertsolarien gaztetasunak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak ikastetxeetan egindako lanak bere fruituak izan dituen ondorio. Hori aditzera emateko Bidean leloa eman diote aurtengo edizioari.Zortzi saioIazko txapelduna, Julen Zelaieta, izan ezik, lehen fasetik abiatuko dira denak. Beraz, zortzi saio izanen dira aurten, iaz baino bi gehiago. Bihar arratsaldean mustuko dute txapelketa Auritzen, baina sakandarrek bigarren saioraino itxaron beharko dute: datorren hastean, otsailaren 7an sartuko dira lehian Oier eta Eneko, Igantzin. Lehen faseko 4 saioetan seina bertsolari ariko dira zein baino zein. Horietan bertso borobilenak botatzen dituzten 17 bertsolariek lortuko dute finalerdietarako txartela. Otsailaren 21etik aurrera, 3 asteburutan jokatuko dira finalerdiak. Altsasuk hartuko du horietan bigarrena, otsailaren 28an. Zortzi bertsolari onenen artean erabakiko da txapelketa martxoaren 21ean, Elizondon jokatuko den final handian. 4 bertsolari onenek Txapelketa nagusian parte hartuko dute udazkenean. Taula gainean lehiatuko direnez gain, badira sakandar gehiago txapelketan: epaimahaiko 6 lagunen artean egonen da Josu Etxanobe eta gai-jartzeileetako bat izanen da Joxema Leitza.