Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
2003an ONCE taldearekin fitxatu zuenetik Oiartzunen bizi den Allan Davis txirrindulari australiarrak irabazi du Australiako Tour Down Under itzulia. Egun Quic Step taldean dabilen txirrindularia taldea bilatzeko oso gaizki ibili zen duela urte bat, bere taldea, Liberty, Operacion Puerto delakoan inplikatuta zegoelako, baina nahiz eta Davisek dopaje kasuekin zerikusirik ez izan eta entitate ofizialek hala egiaztatu, denbora luzez pasatu zuen talderik gabe. Bada, atzokoan handia dela erakutsi zuen Davisek, bere herrialdeko proba nagusia irabazi eta gero. Ostiral eta larunbateko etapetan garaile izan zen Davis, eta guztira, Australiako proban hiru etapa garaipen lortu ditu. Atzoko etapa esprintean erabaki zen, Adelaidan, eta Liquigas taldeko Francesco Chicchi izan zen azkarrena (1:42:00), Robbie McEwen eta Graeme Brown-en aurrean nagusituz. Caisse d´Epargnen dabilen Hiriberriko Imanol Erbiti tropel nagusiarekin sartu zen, denbora berean, 45. postuan. Euskalteleko Pablo Urtasunek 24 segundo gehiago behar izan zituen helmugara heltzeko, 96. postuan. Aipatzekoa da hiru urte eta gero Astana taldearekin txirrindularitzara itzuli den Lance Armstrongek erakustaldia eman zuela, erasoa jo baitzuen atzoko etapa bukaeran, baina tropelak harrapatu zuen. Sailkapen orokorrean, Allan Davis izan zen nagusi (19:26:59). Imanol Erbitik lan ederra egin du eta 35.a izan da, 2:39ra. Asteazkeneko etapan izandako erorikoa eta beste galdutako denbora dela medio, Euskaltelekin debutatu duen Pablo Urtasun urdiaindarra 119.a izan da, 1:02:46ra. Likidoen hornidura gunean Urtasunen aurrean zihoan txirrindulariak lurrean zegoen ur bidoi bat zapatu zuen eta Urtasunen aurrean erori zen, eta urdiaindarra lurrera erori zen, ezkerreko sorbaldan mina hartuz. Ordutik oinaze ugari pasa behar izan ditu Urtasunek Australiako itzulian. Armstrong 29.a izan da, 49 segundora.