Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteazken arratsaldean bildu zen estreinakoz Sakanako Mankomunitateko Garapen Zerbitzuko zuzendaritza. Erakundearen osaketa egin zen lehenik eta, ondoren, batzordearen lan proposamena zehaztu zen. Bildutakoek erabaki zuten gai zehatzak landuko dituzten sei batzorde osatzea. Haieteko bat hezkuntza eta prestakuntzaz arduratuko litzateke. Bestea ingurumenaz. Turismoa eta merkataritza landuko dituen batzordea ere sortu du Mankomunitatearen Garapen Zerbitzuak. Harekin batera gizarte gaien eta osasunaren ardura izanen duen beste batzorde bat sortzea ere erabaki zen. Sakanan enpleguaren eta industriaren inguruan aurrera eraman daitezkeen ekinbideak landuko dituen batzordea sortzea erabaki zuten. Azkenik, ekitaldien batzordea, Sakanaren eguna edota ibarreko erakundearen 25. urteurrena landuko duena. Sei batzordeak sortu ondoren zuzendaritzan dauden kideek hamabost egun izanen dituzte zein arlotan lan egin nahi duten erabakitzeko. Batzorde bakoitzak arduradun bat izanen du. Josefina ArregiAsteazkeneko bileran Altsasuko Josefina Arregi klinikako kudeatzailea izan zen. Ibarreko udalei klinikaren berri emateko aukera eskatu zion Mankomunitateari eta asteazkeneko aukera baliatu zen horretarako. Klinika psikogeriatriko altsasuarrak eskaintzen dituen zerbitzuak eta bizi duen egoeraren berri eman zien kudeatzaileak udal arduradunei eta haiek klinikak ematen duen zerbitzuaren garrantziaz jabetzeko aukera izan zuten. Josefina Arregi klinikako kudeatzaileak ibarreko erakundeei "babes politikoa" eskatu zien, "aurrera jarraitu ahal izateko". KideakMankomunitateko Garapen Zerbitzuko zuzendaritza honako hautetsiek osatzen dute: Javier Lazkoz Olaetxea (Arakil), Juan Jose Iriarte Vitoria (Irurtzun); Asier Lakuntza Gutierrez (Irañeta); Joaquin Navarro Lakuntza (Uharte Arakil); Gorka Ovejero Ganboa (Arruazu); Carlos Romero Piñas (Lakuntza); Tomas Andueza Elso (Ergoiena); Peio Elvira Lazkoz (Etxarri Aranatz); Alfredo Zelaia Goikoetxea (Bakaiku); Elias Aramendia Lopez de Zubiria (Iturmendi); Miguel Angel Zubiria Galartza (Urdiain); Unai Hualde Iglesias (Altsasu); Epifanio Marin Amiama (Olatzagutia) eta Jesus Arrese Galbete (Ziordia). Arbizuko Udalak oraindik ez du erabaki zein ordezkari bidaliko duen.