Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Astelehenetik Calpen bilduta daude Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariak, hemengo euri eta hotzetik ihesi, epelean entrenamendu saio gogorra egiteko asmoz. Australian aritu diren txirrindulariak, tartean Pablo Urtasun, ostegunean iritsiko dira Euskal Herrira, eta ez dira Calpen izanen. Gainontzeko txirrindulariak, ordea, Alicanten daude, Gorka Verdugo eta Egoi Martinez etxarriarrak eta Jorge Azanza altsasuarra tartean. Aurtengo Espainiako itzulia gertutik pasako denez, Calpeko egonaldia etapa horiek ezagutzeko probestuko dute txirrindulariek. Samuel Sanchez izanen da taldeko gizon nagusia. Asturiarrak Tourra utzi eta Euskal Herriko Itzulian, Vueltan eta Munduko Txapelketan jarriko ditu indarrak. Tourrean Mikel Astarloza eta Igor Anton izanen dira taldeko liderrak. Sakandarrek ere duten guztia emanen dute taldeko lider nahiz sprinterrei garaipena eskuratzen laguntzeko, edo, zergatik ez, eurek lortzeko. Egoi Martinezek Euskal Herriko Itzulian, Tourrean eta Vueltan parte hartuko du. Gorka Verdugo Samuel Sanchezen albokoa izango da denboraldi hasierako lasterketatan - Paris Niza, Euskal Herriko Itzulia eta Amstel, Flecha eta Lieja klasikoetan, besteak beste - eta gero Tourrean izango da. Pablo Urtasunek esprintetan Koldo Fernandez de Larrea laguntzeko helburua izango du, eta besteak beste Australiatik bueltan otsailaren 8an hasiko den Mallorcako Challengean, Andaluziako Itzulian eta Algarven lehiatuko da. Bestalde, Jorge Azanzak taldekideak laguntzeko ardura izango du. Bestalde, aipatzekoa da Euskaltel Euskadik otsailaren 3an egingo duela talde aurkezpena, 12:00etan, Gasteizko Artium museoan. Euskadi fundazioak bere 16. denboraldia aurkeztuko du Arabako hiriburuan. Migel Madariaga manager orokorrak eta bere albokoak, Igor Gonzalez de Galdeanok, Gorka Gerrikagoitia, Josu Larrazabal eta Alex Diaz kirol zuzendariekin batera 23 txirrindulariz osatutako taldea aurkeztuko dute. Tartean izanen dira berriki Euskaltelekin Australian debutatu duen Pablo Urtasun urdiaindarra, Egoi Martinez eta Egoi Verdugo etxarriarra, eta Jorge Azanza altsasuarra. Caisse d´Epargne taldeak gaur eginen du aurkezpena ParisenCaisse d´Epargne taldearen aurkezpena gaur izanen da Parisen, aipatu kutxaren egoitza nagusian. Eusebio Unzuek zuzentzen duen taldean Hiriberriko Imanol Erbiti ari da lanean. Taldea otsailaren 3an kontzentratuko da Mallorcan, denboraldia prestatzeko.