Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateak Sakanako ikastetxe guztiekin batera kudeatutako neguko igeriketa ikastaroa bi tokitan gauzatuko da aurten, lehen aldiz: Arbizuko kiroldegian eta Altsasuko Zelandi kiroldegian. Guztira Lehen Hezkuntzako 2. mailako Sakanako 248 ikasle ariko dira igeriketa ikasi edo hobetze lanetan.Irurtzungo Atakondoako, Lakuntzako Luis Fuenteseko, Andra Mari ikastolako eta Etxarri Aranazko San Donato ikastetxeko 7-8 urteko ikasleek irailaren 10ean hasi zuten igeriketa ikastaroa Arbizuko kiroldegian, eta urrian despeditu. Eskola ikastaroa zenez, ikastaroa klase ordutegian ematen zuten. Ikastaro intentsiboak ziren, eta guztira 50 minutuko 16 saio egin zituzten, astelehenetik ostiralera bitartean. Hasieran eta amaieran ebaluazioa egin zieten haurrei, eta bukaeran kolorezko zalditxoak jaso zituzten opari. Martxoaren 24ra bitartean ZelandinUharte Arakilgo, Iturmendiko, Urdiaingo eta Olaztiko ikastetxeetako ikasleek bi urtean behin egiten dute neguko igeriketa ikastaroa. Uharte Arakili, Iturmendiri eta Urdiaini aurten atseden hartzea tokatzen zaie, baina Olaztiko gaztetxoei ez. Eta hain zuzen ere, Olaztiko Domingo Bados ikastetxekoek, Altsasuko Zelandi, Korazonistak eta Iñigo Aritza ikastolakoekin batera berriki mustu zen Altsasuko Zelandi kiroldegian hasi ziren neguko igeriketa ikastaroa jasotzen. Mankomunitateko kirol teknikari Nerea Martinezek azaldu duenez, aurreko astean hasi ziren aipatu ikastetxeetako 7-8 urteko neska mutilak neguko ikastaroan, guztira 148 haur. Ikastaroa ilbeltzaren 19an hasi eta martxoaren 24an despedituko da. Astelehenetik ostegunera bitartean ariko dira klaseetan, 10:15etik 12:45era, ikastetxeka banatuta. Ikastetxe bakoitzeko haurrak hiru multzotan banatu dituzte, hasi berriak, ertainak eta maila handiagoa dutenak, eta maila bakoitzari dagokion igeriketa hastapen edo hobetze ikastaroa eskainiko zaie. Haurrei ebaluazioa eginen zaie eta bukaeran kolorezko zalditxoak jasoko dituzte opari.