Santa Agedari kantan

Guaixe 2009ko otsailaren 4a

Ohi bezala Santa Ageda egunaren bezperan, gaur, kantuak eta musika izanen dira nagusi Sakanako hainbat herritako karriketan. "Zorion etxe hontako denoi, oles egitera gatoz..." letrarekin hasten diren bertsoak han eta hemen entzungo dira gaurkoan, Siziliako martiriaren santuaren bezperan, hain zuzen. Irurtzunetik hasi eta Ziordiraino bitartean, ikastetxeetako eta musika eskoletako haurrak, abesbatzako kideak eta herritarrak kalez kale ariko dira, makilen erritmoaren laguntzaz bertso famatuak kantatzen eta santa eskean. Bildutako puskekin asko eta asko merendatzera, txokolatea hartzera edo afaltzera bilduko dira. Asteazkenean Irurtzunen, Irañetan, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen, Iturmendin, Altsasun eta Olaztin ez da kanturik faltako.