Gaur hasiko dira kintoen ospakizunak Altsasun eta Olatzagutian

Guaixe 2009ko otsailaren 5a

Santa Ageda bezperan, hasi dituzte Altsasuko kintoek Santa Ageda ospakizunak. atzo neskak kalera kantuan eta diru eskean atera ziren eta gaur mutilak. Goizean, urteko errege eta erregina nesken bila abiatuko dira etxez etxe eta opilak bilduko dituzte gero hauek lantegi eta tabernetan saltzeko.  Gaurkoa, Santa Ageda eguna, egun handia izan ohi da altsasuarrendako. Egun honekin kintoen ospakizunen 25. eta 50. urteurrena eta 60. urte betetzen dituztenek ere urteko kintoekin bat egin eta festa handia ospatzen dute. Arratsaldeko zortziko dantzaldian urteurrena ospatzen dutenek ere dantza egin eta aspaldiko oroitzapenak bizitzeko aukera izanen dute.  Gaurkoan diru eskean ariko dira kintoak, txuriz jantzita, kaikuarekin eta txapelarekin. Zilarrezko erretiluak erabiliko dituzte dirua eskatzeko. Eskuan, zintez apaindutako makil ederra izanen dute, eta lepoan armarriekin brodatutako zapi ederra. Bazkarira neskekin bildu eta arratsaldean, plazan, zortzikoa dantzatuko dute. Asteburu guztian jarrraituko dute ospakizunek. Olaztiko kintoek ere gaur hasiko dituzte ospakizunak, gosariarekin. Neska eta mutil, hauek ere bapo jantzita ibiliko dira, eskuan zintez adornatutako makila daramatzatela. Ogi opil ederrak ere banatuko dituzte, eta eskean ibiliko dira. Bazkari, afari eta parrandak ez zaizkie faltako. Ospakizunak asteburuan jarraituko du.