Hasi eztarriak garbitzen!

Guaixe 2009ko otsailaren 4a

Euskal Kantuzaleen Elkarteak 2009ko Haur Kantari Jaialdia aurkeztu zuen atzo. Euskal kantuak tradizio handia du Nafarroan. Ohitura hori mantentu eta bultzatu nahi du Euskal Kantuzaleen Elkarteak. Haur eta gaztetxoek kantuan gozatzeko helburuarekin, Haur Kantari Txapelketa antolatzen hasi zen orain 15 urte. Azken 3 urteetan txapelketa jaialdi bihurtu da, "kantua ez delako lehiatzeko, baizik eta disfrutatzeko". Jaialdiak Nafarroako txoko denetara eramanen ditu haur eta gazteen doinu goxoak. ArauakNafarroako Kantuzaleen Elkarteak Lehen Hezkuntzako eta DBH-ko ikastetxe guztiak gonbidatu ditu jaialdira. Ikastetxe bakoitzak bi talde, bikote bat eta bakarlari bat aurkez ditzake. Parte hartzaileek bi kantu abesteko aukera izanen dute, kantu zahar, berri nahiz sortuak. Otsailaren 28ra arte irekita dago izen-emate epea. Interesatuek Euskal Kantuzaleen Elkartean eman dezakete izena (948 144 706 telefonoan, 948 382 658 fax zenbakian edo nafarroagaraia@kantuzale.net helbidean) edo Beleixe irratian (948 461 220 telefonoan edo beleixe@topagunea.com helbidean). Martxoaren 20an AltsasunIpar, Hego, Ekialde eta Mendebalde, Nafarroako txoko guztiak zeharkatuko ditu Haur Kantarien Jaialdiak. Iruñerrian, Antsoainen izanen da lehen saioa, martxoaren 6an, 18:00etan. Tuterarako bidea hartuko du martxoaren 14an. Sakandarrek ere izanen dugu jaialdiaz gozatzeko aukera: martxoaren 20an, 18:00etan, hirugarren saioa hartuko du Altsasuko Iortia kultur guneak. Laugarren saioa Elizondon izanen da, martxoaren 28an. Apirilaren 5ean emanen diote amaiera 2009ko Haur Kantari Jaialdiari Iruñeko Gaiarre Antzokian. Saio bakoitzean jaialdia ospatzen den herri inguruko partaideak ariko dira kantuan. Aurreko urteetan argi geratu da kantuzale ugari ditugula gurean. Horiei entzun zain geratuko gara martxoaren 20ra arte. Lehen lau saioetan nabarmentzen direnak Iruñeko saio berezira gonbidatuko dituzte. Euskal Kantuzaleen Elkarteak Nafarroako Gobernuaren eta saioak hartuko dituzten herrietako udalen laguntzarekin antolatu du jaialdia.