Bihar sartuko dira lehian Eneko Lazkoz eta Oier Lakuntza

Guaixe 2009ko otsailaren 6a

Joan zen larunbatean mustu zuten Auritzen 2009ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Jon Barberena, Jon Elizetxe, Bittor Elizagoien, Aimar Karrika, Alazne Untxalo eta Saioa Alkaiza bildu ziren lehen kanporaketan. Oro har, txukun aritu ziren bertsolariak. Herrikoen txaloekin animatuta akaso, Aimar Karrika izan zen bertso saioko onena. Egunik onena izan ez bazuen ere, harekin batera finalaurrerako sailkatu zen Jon Barberena ere. Gainerakoek datozen kanporaketen ondoren jakinen dute aurrera eginen duten edo ez.Igantzin 6 bertsolari lehianIgantziko jubilatuen elkarteak lehen faseko bigarren kanporaketa hartuko du bihar,  arratsaldeko 17:30etik aurrera. Bertan sartuko dira lehian Sakanako bi bertsolariak, Eneko Lazkoz eta Oier Lakuntza. Sakandarrek Julio Soto, Iñigo Olaetxea, Iker Gorosterrazu eta Garaxi Taberna izanen dituzte aurrez aurre. 6 bertsolariek hiruna bertso bota beharko dituzte zortziko txikian, beste hiruna zortziko handian eta kartzelekoa ere bota beharko dute. 2009ko Nafarroako Bertso Txapelketak parte hartzaileen gaztetasuna du ezaugarritako bat. Bihar, esaterako, txapelketa mustuko du Garaxi Tabernak. Haren ondoan beteranoak dira Sakanako bertsolariak, urteak baitaramatzate lehian. Esperientzia hori lagun, ea finalaurrekorako txartela lortzen duten. Finalaurrekora iristea helburuBeleixe irratian egindako adierazpenetan, "txapelketan hasteko gogotan" daudela esan zuten bi bertsolari sakandarrek. Beste txapelketa batzuen aldean sakandarrek presio handiagoa sumatzen dute Nafarroako Txapelketan. Oier Lakuntzaren hitzetan "jende gehiago egoten da eta lan handia egin behar izaten da". Horregatik, "aurten fundamentu pixka batekin egin dugu prestaketa" esan zuen Enekok, "Lekunberrin bildu gara astero txapelketa prestatzeko". Etxarriarrak esan zuen urte guztian Txapelketa dutela jendaurrean abesteko ia aukera bakarra eta horregatik bertan "itxura ona" eman nahi izaten dutela. "Finalaurrekora iristea da gure helburua" adierazi zuten Enekok eta Oierrek Sakanako irrati euskaldunean. Kanporaketan botatako bertsoren bat hizpide izatea ere gustatuko litzaieke, baina batez ere, "gustura aritzea". Sakanako bertsolariek ez dute faborito garbirik 2009ko txapelketa honetarako. "Orain arteko txapelketetan gainerakoen gainetik dagoela erakutsi du Xabier Silveirak" esan zuen Enekok, "baina beste batzuk ere oso fuerte daude, Julio Soto batez ere". Etxarriarrarekin bat egin zuen Oierrek "nik ere ez nuke baztertuko Sotok irabaztea" adierazi zuen. Hori Sakanako bertsolarien porra; gurea Oier eta Eneko finalean ikustea.