Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Erregional mailan zoriontzeko moduan daude bertan lehiatzen diren bi talde sakandarrak, Etxarri Aranatz eta Altsasu, biak jaun eta jabe izan baitziren euren partidatan eta garaipen itzelak lortu zituzten. Horrela, Etxarri Aranatzek 5-0 hartu zuen menpean Idoia Etxarri Aranazko San Donato futbol zelaian. Esan beharra dago ez zela partida ona izan, Etxarri hasieratik nagusitu baitzen, baina joko gehiegirik erakutsi gabe, eta gainera, azken eguneko euriengatik futbol zelaia nahiko biguna zegoen, jokoari enbarazu eginez. Nolanahi ere, azpimarratzekoak izan ziren etxeko jokalariek sartutako bost golak, Xabatek, Morenok, Eduk eta Koldok, azken horrek bitan. Bestalde, Altsasuk Iruñean jokatu zuen UPNA taldearen kontra. Zortea eta egoera aldeko izan zuten Unibertsitate Publikokoek, baina ez zuten aprobetxatu eta galdu egin zuten. Lehen zatia oso parekatua izan zen eta ez zen gol aukera askorik egon. Bigarren zatian Iruñekoak indartsu atera ziren eta gol aukera ugari izan zituzten, baina ez zuten asmatu. Aldiz, Altsasukoek hiru kontraeraso bikainetan hiru aldiz zulatu zuten UPNA-koen atea, Xabierrek bitan, eta Fernandezek behin. Aipatzekoa da Altsasuko Sergiok partida bikaina jokatu zuela. Erregional mailako hirugarren multzoko burua Infanzones taldea da, 41 punturekin. Etxarri Aranatz hirugarrena da sailkapenean, 36 punturekin, eta Altsasu zazpigarrena, 22 punturekin. Asteburuan 18. jardunaldia izanen da jokoan. Larunbatean Etxarrik atzera ere etxean jokatuko du, 15 punturekin sailkapenean hamaikagarrena den Ondalanen kontra. Altsasuk ere etxean jokatuko du, larunbatean, Dantzalekun, 8 punturekin azkena den Beti Kozkorren kontra. Ea atzera ere irabazi eta puntuak pilatzen jarraitzen duten.