URTEBETE ITSASARGIAN

Guaixe 2009ko otsailaren 6a

Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdian "Ez zaitez Gernikara joan Lauaxeta" antzezlana ikusi eta gero, "balde bete negar egin ondoren, hain hunkitua geratu nintzen , - honetaz idatzi behar dut - erabaki nuela "  adierazi zuen idazleak liburuaren aurkezpen egunean.Jendarteak bizi duen memoria historikoarekiko kezka  honetan, Miren Agur Meabek Francoren  altxamenduak Euskal Herrian eragindako gatazkak kontatzen ditu hamahiru urteko mutiko baten ahotik: "euren adineko baten ahotsari esker irakurleak errazago identifikatuko dira" ... "Nerabe baten bizipenez Gerra Zibila hurbildu diet gazteei "... "  aspaldi konturatu nintzen gazteentzat moduko gauza gutxi zeudela publikatua gerra zibilari buruz  ". Gerra Zibilaz hausnarketa egitera gonbidatu nahi du irakurle gaztea.Nobelako protagonistak Jon Iturri Mendieta du izena. JIM inizialak bere seme Joanesi egindako keinu afektiboa dira. Bere ondoan familiakoak eta Mirra; jeltzaleak, sozialistak, anarkistak, faxistak, emakume libertarioak, herritarrak, salatariak, gudariak, maistra feminista, guardia zibilak...Garraitzeta bere irudimenezko gauzak har ditzakeen izen zabala, Macondo edo Obaba bezalakoa, unibertso pertsonala.Gerra hotsak dira nobelagai bilakatu direnak gudu-zelaitik eta gerraren epika itsutik urrun dagoen gazte baten bizipenetatik aurkezten dira, 1936ko uztailetik 1937ko uztailera bitartean gertaturikoak. Gerraren parte ofizialek isildurikoak dira: egunerokotasunaren historia isildua.Bi atal ditu kontakizunak: lehendabizikoan, Jon herrira iristen denekoa eta bigarrena, gerrak harturikoak: "Jonek samurtasuna eta gordintasuna, beldurra eta ausardia, maitasuna eta gorrotoa, erotismoa eta saldukeria, elkartasuna eta zekenkeria ezagutuko ditu... gizakiaren handitasunak eta miseriak "  azaldu zuen egileak.  "Istorioaren asmoa, kontakizun entretenigarri baten bidez gozarazteaz gain, gazteei gerrari buruzko hausnarketa eragitea da " .Ez du bukaera zoriontsurik. Gerrak ez baitu izaten bukaera zoriontsurik."Pessoak esaten zuen idatzi beharreko edozertan, gauza nimiñoa izanda ere, bihotza jarri beharra zegoela" ."Gazteei zuzendutako lana izan arren, askotan literatureak ez dau adinez ulertzen" ."Urtebete itsasargian"ek  Euskadi saria jaso du eta IBBY (International Board on Books for Young People elkarte prestigiodunaren ohorezko zerrendan sartzeko hautatua izan zen. Izaskun Etxeberria