Ilbeltzak 132 langabe gehiago utzi ditu

Guaixe 2009ko otsailaren 4a

%18,21 igo da langabezia Altsasuko enplegu bulegoan. Hau da, ilbeltza akaberan urte akaberan baino 132 sakandar gehiago zeuden lanik gabe. Guztira 857 pertsona. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako datuak dira. Iaz, ilbeltza akaberan, 586 sakandar zeuden izen emanda Altsasuko enplegu bulegoan. Urte batetik bestera 271 langabetu gehiago daude, baina igoera azken hiru hilabeteetan eman da. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak zabaldu duenez, Altsasuko enplegu bulegoan izen emanda dauden 857 pertsonatatik 481 emakumeak dira, aurreko hilean baino 57 gehiago. Gizon langabetuen kopurua 376koa da (75 gehiago). Adinari dagokionez, 151 lan eskatzailek 25 urte baino gutxiago dute (98 gizon eta 53 emakume). 25 urtetik gora duten langabetuen kopurua 706ra iritsi da (428 emakume eta 278 gizon). 37 gazte gehiago eta 95 heldu gehiago dira. SektorekaAltsasuko enplegu bulegoan izen emanda dauden langabetu gehienek, 423, zerbitzuen sektorean lan egin nahi dute (34+). Industrian lan egiteko prest daude enplegu bulegoan izen emanda dauden 300 pertsona (69+). Eraikuntza arloan lan egiteko prestutasuna dute 73 sakandarrek (17 +). Lehen sektorean, berriz, 23 dira lan egiteko prest dauden pertsonak (5+). Azkenik, aurretik lanik ez zuten eta enplegu bulegoan izen eman duten sakandarrak 38 dira (7+). Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jakitera eman duenez Altsasun, ilbeltzean, aldi baterako 303 kontratu sinatu ziren eta beste 24 kontratu mugagabe. HerrialdeaNafarroari dagokionez, Gobernuak adierazi du langabeziak ilbeltzean % 10,37 egin duela gora. Bestela esanda, 3.419 nafar gehiago daude lan bila. Guztira 36.375 dira langabe nafarrak. Haietatik 18.297 emakumeak dira eta 18.076 gizonak. Azken lau hilabeteetan Nafarroako langabeziak hilero %9 baino gehiago hazi da.  Nafarroako Gobernuak esan zuen herrialdean "normalean ilbeltzean langabeziak gora egiten duela, baina aurten nabarmen igo da". Zabaldu zituen datuak "oso negatiboak" direla esan zuen gobernuak.