Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
LAB sindikatuko hamaika ordezkarik asteartean prentsaurrekoa eman zuten. Eredu neoliberalaren krisia dela eta adierazi zutenez, "eredu kapitalistaren makineria oso baten doikuntzaren aurrean" gaudela. Azaldu zutenez, "enpresariei eta kapitalari laguntzak ematen zaizkie, gastu soziala murriztu eta AHT bezalako azpiegiturak sustatzen dira egungo eredu kapitalistan sakontzeko, langileon kontu metaketa kapitalistan sakontzeko". Ekonomia krisiak Sakanan hainbat eragin dituela azaldu zuten LAB-eko ordezkariek. Horien artean jarri zituzten behin-behineko langileen kaleratzeak, aurre jubilazioak eta kaleratzeak. LAB-ek ohartarazi zuen "urritik hona % 40 hazi dela langabezia ibarrean", 857 langabetuetara iritsiz eta gehitu zuen "ibarreko industria-ehuna murrizten ari direla". LAB-eko ordezkariek nabarmendu zutenez, "malgutasuna eta enplegua erregulatzeko espedienteak (EEE) dira Sakanako langileak jasaten ari garen beste neurri erasokor bat". Zehaztu zutenez espedienteak etete espedienteak dira, "behin-behineko eta azpikontratatuen kaleratzea dakarrena". Administrazioa eta kapitala "eskutik" doazela salatu ondoren, langileek "aldaketaren motorra" izan behar dutela adierazi zuten LAB-eko kideek. Horregatik, hilaren 15ean Altsasun deitutako manifestazioan parte hartzera deitu zuten. LAB-en datuakEEE-k: Hydro, Eguzkia, Omnia, Conersa, Zapardi, Recindsa... 98 lanpostu gutxiago eta 25 kaleratu Dinesconen; kaleratzeak: 11 Mi Mamiñun, 8 Galvanizados Lacunzan; Behin behineko kontratuak eten dira: 6 Lanekon, 6 Magotteauxen, 47 Gamesa I&Tn, 46 lanpostu gutxiago SAPAn; ordainketetan atzerapenak Hisphording Hispanian, Sunsundegin eta Arfen malgutasuna eta behin behinekoen kaleratzeak. ZangituAstearteko agerraldian Urdiain-Altsasu industrialdearen inguruan LAB-ek adierazi zuen "makro industrialde hau UPN-ren interesen araberakoa dela, Nafarroako Lurralde Estrategian oinarritutakoa". Sindikatua "askotan" horren aurka azaldu dela gaineratu eta gero "eskualdeak dituen beharrei begiratzen badiegu industrialdea gaindimentsionatua" dagoela ziurtatu zuten eta ibarrean "desorekak" sortuko dituela. LAB "Sakanako garapena eskualdekoa eta integrala" izatearen alde agertu zen. Zalantzan jarri zuten Nafarroako Gobernuak "kalitateko enplegua sortuko" duenik.