Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bakaikutik Ziordira kinto ospakizunak izanen dira asteburuan Burunda aldean. Hona herri bakoitzean iragarri dena. BakaikuAurten kinto bakarra dago Bakaikun, Fernando Fuste. Kinto ospakizunetara lau kinto gazte eta kinto zahar bat batuko zaizkio, baita akordeoilaria ere. Gaur afaltzera bilduko dira guztiak eta ondoren ordu txikietaraino egonen dira parrandan. Bihar, berriz, goiz eta eguerdi partean kintoak Bakaikun eskean ariko dira. Herrian barna ibili eta gero, mahaira eseriko dira. Bazkaldu eta arratsaldean jai giroan aritu ondoren, afaldu eta gero parrandarekin segituko dute.Iturmendi Dozena erdi bat kinto daude aurten Iturmendin. Baina batuko zaizkien kinto gazte eta zaharrekin, 20 bat izanen dira festaz gozatuko dutenak. Guztiak ere gaur afaltzera elkartuko dira eta ziurrenik gaua luzatu eginen zaie. Larunbat eguerdian, trikitixa doinuak lagun dituztela herrian barna eskean ariko dira gazteak. Dena ez da eskatzea izanen, eta eskaini ere eskainiko dute: pastak eta moskatela. Eguerdiko egitekoa despeditu eta gero bazkaltzera eseriko dira. Arratsalde ederra eta gero Altsasun afaldu eta parranda eginen dute. Urdiain Urdiaingo kintoek azken bi asteak zortzikoa, jota eta porrusalda dantzak entseatzen eman dituzte. Astero bi entsegu egin dituzte eta gaurkoan orokorra izanen dute, txistulariak presente direla. Domekako hitzordurako dena prest izanen dute David eta Jon Hirigoienek, Iker Etxeberriak, Eva Mendiak eta Garazi Ruiz de Eginok. Haiek dira aurtengo kintoak, eta haiekin batera kinto gazte bat eta 3 kinto zahar ibiliko dira. Guztiak ere gaur bilduko dira bazkaltzera. Tripa zorriak ase eta gero, musika lagun, herrian barna eskean izanen dira. Afariak parrandarako atea zabalduko die. Larunbatean, mahaiaren bueltan eseriko dira kinto urdindarrak. Bazkaldu eta gero, baserrietara joanen dira eskean eta handik bueltan afaldu eta parranda eginen dute. Hala ere, domeka eguerdirako hitzordua jarrita dute. 12:30 aldera, plazan dantza eginen dute. Ondoren eskean ibili eta jasotakoarekin, atzera ere bazkaltzera eta afaltzera eseriko dira. AltsasuAtzokoan kintoak herrian barna eskatzen ibili ziren, baita opilak jaso eta saltzen ere. Jasotako diru guztia aurretik dituzten festa egunetako bazkarietara bideratuko dute. Gainera, egunero hitzordua izanen dute plazan, 19:30 aldera. Kintoak diren emakume eta gizonak zortzikoa, jota eta porrusalda dantzatuko dituzte. Haiekin batera, atzo, 25. eta 50. urteurrena eta 60. urte betetzen dituzten kintoek ere festarekin bat egin eta egunaz gozatzeko aukera izan zuten. Atzo horiek izan baziren festara bildutako kintadak, biharkoan gainerako guztiek eginen dituzte bazkari-afariak, festa egun ederra ziurtatuz. Aurtengo kintoek Ibai berriak taldea ekarriko dute eta kioskoan dantzaldia eskainiko dute 23:30etik 03:00etara arte. OlatzagutiaIkus Hamaika galdera atala.Ziordia Hamabost gazte izanen dira kinto ospakizunak eginen dituztenak. Haietatik 7 dira aurten kinto direnak, honakoak: Ander Cristobal, Aralin Perkaz, Ander Igoa, Iñigo Okariz, Jon Bergera, Xabier eta Mireia Saez. Haiekin batera kinto zaharrak eta kinto berriak ariko dira parrandan. Gaur Errekakartea elkartean bazkaltzera bilduko dira eta ondoren musika lagun, herrian barna ibiliko dira. Elkartean afaldu ondoren, Altsasuko bidea hartuko dute. Larunbat eguerdian gazteak kalera atera eta eskean ibiliko dira trikiti doinuak lagun dituztela. Lantegietara ere joanen dira. Elkartean bazkalduko dute. Afaria, berriz, Altsasuko jatetxe batean eginen dute eta han gaua luzatuko zaie. Kinto ospakizunak domekako bazkariarekin despedituko dituzte.