Duela bederatzi bat urte Etxarri eta Arbizuko 4x4 ibilgailuen zaleek Basati 4x4 kluba sortu zuten, euren zaletasunaz aritzeko eta 4x4 erakustaldiak, topaketak eta beste antolatzeko. Urteen poderioz geroz eta herri gehiagotako jendeak egin du bat aipatu taldean, eta iaz ere Arbizuko industria gunean antolatutako Basati 4x4 topaketari izena aldatu zioten, Sakana Basati 4x4 izena jarriz. Inoizko 4x4 topaketarik garrantzitsuena izan zen iazkoa, larunbata eta igandea kontuan hartuz 7.000 zale inguru hurbildu baitziren 50 ibilgailuk lokatz eta aldapa artean egiten zituzten maniobrak ikustera. Bada, orain arte taldeak zuen web guneak ere Basati izena zeraman, baina hor ere aldaketa egin dute, eta egun Sakana 4x4 izena hartu du bai taldeak eta baita goitik behera berritu duten web guneak ere. Taldearen web gunea lehen www.sakana4x4.com baldin bazen, hemendik aurrera www.sakana4x4.com izena hartuko du, eta bertan aipatu taldeari buruzko informazio guztia azaltzen da: taldeari buruzko albisteak, proben egutegia, zaletuen komentarioak eta beste jasotzen dituen gunea, loturen gunea, eurekin harremanetan jartzeko bidea, foroak, etab. Gainera, iragarkiak jartzeko tokia dago Aldor Internetek diseinatutako Sakana 4x4 taldeko web berrian, baita argazkiak eta bideoak ikusteko aukera paregabea ere. Ea noizko euskarazko bertsioa. Taldearen helbide elektronikoa sakana4x4@sakanerria.com da.