Koadrila laranjaren aurkezpena

Guaixe 2009ko otsailaren 5a

Asteartean Gasteizko Artium museoan aurkeztu zen Euskaltel-Euskadi taldea. 23 txirrindulariz osatutako taldea, sekula baino nafarragoa (8 txirrindulari) eta laukote sakandarra bere baitan duela. Asteartean Gasteizen izan ziren Australian lehiatzetik etorri berri den Pablo Urtasun eta, harekin batera, Egoi Martinez, Gorka Verdugo eta Jorge Azanza.Egoi Martinez ez beste guztiak Mallorkan izanen dira igandetik aurrera. Etxarriko txirrindulariaren egutegian, besteak beste, Tourra eta Vuelta daude. Aurrenekoan itzuli bat eskuratzen saiatuko da. Frantziako itzulia ere Verdugoren egutegian dago. Talde buruendako lanera joanen da hara. Denboraldia, ordea, luzea da eta balio duena erakusteko aukerak izanen ditu. Hasiera ona egin nahi luke.Jorge Azanzak gogotsu ekinen dio denboraldiari. Neguan gogor lan egin du, konfiantzarekin dago eta ongi ibili nahi luke. Taldeko berria da Pablo Urtasun. Denboraldia munduaren beste muturrean hasi ondoren, taldeko sprinterrarendako lanean ariko da urdiaindarra. Hala ere, portu motzetan edo aldapan dauden helmugetan aukera bilatzen saiatuko da.