Mallorcako Challengean Erbiti, Urtasun, Azanza eta Verdugo ariko dira

Guaixe 2009ko otsailaren 6a

Igandean, otsailaren 8an, hasiko da Mallorcako Challengea eta otsailaren 12an, ostegunarekin, despedituko da. 19 talde lehiatuko dira, UCI Pro-Tourreko talde ezagunak eta hainbat talde kontinental, tartean Oscar Guerrero altsasuarrak Manuel Lopezekin batera zuzenduko duen Contenpolis-Ampo. Zailtasun guztien gainetik, altsasuarrak taldea ateratzea lortu du eta ziurrenik lehia eta borroka handia eskainiko du. Javier Martínez, Francisco Pacheco eta Javier Etxarri izanen dira taldeburuak. Bestalde, aipatzekoa da aurpegi ezagunak izango direla Challengea irabazteko faboritoak: Caisse d´Epargneko Alejandro Valverde eta Oscar Pereiro eta Euskalteleko Samuel Sanchez, besteak beste. Sprinterren artean Robbie McEwen izango da izarretako bat. Txirrindulari sakandarrei dagokienez, Hiriberriko Imanol Erbiti Caisse d´Epargneko liderrak laguntzen ariko da, eta Euskaltel-Euskadi taldearekin hiru sakandar izango ditugu lehian: Pablo Urtasun, Jorge Azanza eta Gorka Verdugo. Samuel Sanchez liderra laguntzen ariko dira hirurak, eta Pablo Urtasun urdiaindarraren kasuan, Koldo Fernandez de Larrea sprinterraren alboan izanen da. Nolanahi ere, dituzten aukerak aprobetxatuko dituzte hirurek. Lehendabiziko etapa, igandekoa, Palman hasi eta bukatuko den 116 km-koa da; bigarrenak 176,5 km izanen ditu eta Son Serveran hasi eta Cala Millorren despedituko da; hirugarrenean, asteartean, Incan hasi eta despedituko den 182,6 km-ri eginen diete aurre; laugarrena Bunyolan hasi eta bukatuko den 143,3 km-koa izango da; eta azken etapa Magalufen hasi eta Palmanovan despedituko da, 147,6 km egin eta gero.