Eneko Lazkoz final-erdietarako sailkatu da

Guaixe 2009ko otsailaren 9a

Igantziko Jubilatuen elkarteak 2009ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurdena hartu zuen joan zen larunbatean. Bertan sartu ziren lehian Eneko Lazkoz eta Oier Lakuntza. Bi sakandarrek Julio Soto, Iñigo Olaetxea, Iker Gorosterrazu eta Garaxi Taberna izan zituzten aurrez aurre. 20 puntuko aldearekin, nabarmen nagusitu zen Julio Soto. Eneko Lazkoz bigarrenetik puntu eta erdiraSakanako bertsolariek Beleixe irratian aurreratu bezala, maila ederrarekin iritsi da txapelketara Julio Soto gorritiarra. Agerian utzi zuen hori larunbatean, Igantziko taula gainean. Saio guztian gainerako bost bertsolarien gainetik egon zen, Bortzirietako zaletuei kopla onak oparituz. Arratsaldeak aurrera egin ahala nabarmendu egin zen alde hori, kartzelakoan batez ere. Gauzak horrela, argi izan zuen epaimahaiak: 199,5 punturekin, gorritiar gaztea izendatu zuten arratsaldeko onena. Harengandik 20 puntura, 178,5 punturekin, finalerditarako sailkatu zen Iñigo Olaetxea ere. Lan ona egin zuen Eneko Lazkoz etxarriarrak. 177 punturekin, bigarren postutik puntu eta erdira geratu zen. Final-erdirako zuzeneko txartela lortu ez bazuen ere, lortutako puntuei esker ziurtatua dauka hurrengo faseko tokia. 165 punturekin, bosgarrena izan zen Oier Lakuntza urdiaindarra, Iker Gorosterrazuren atzetik (165,5 puntu). Beraz, Urdiaingoak ia ezinezkoa du txapelketan aurrera egitea. Betelun Erika Lagoma eta Migel Mari Elosegi aurreraLehen faseko hirugarren final-laurdenak Beteluko Zigari elkartean bildu zituen igandean Erika Lagoma, Miel Mari Elosegi Luze, Ander Fuentes Itturri, Aritz Saragueta, Iñaki Aleman eta Iñigo Ibarra bertsolariak. Parez pare ibili ziren sei bertsolariak, baina erregulartasunak Erika Lagomari eman zion lehen postua, 192,5 punturekin. Lortutako 178 puntuei esker, lesakarrarekin batera finalerdietarako sailkatu zen Migel Mari Elosegi, Luze. Gainerakoek azken final-laurdenaren emaitzen zain geratu beharko dute. Bihar argituko dira final-aurrekoakBihar jokatuko da lehen faseko azken kanporaketa, Tafallako Kube aretoan, 17:30etik aurrera. Urtebeteko atsedenaren ondoren, bertan itzuliko da txapelketara 5 urtez txapeldun izan den Xabier Silveira. Harekin batera igoko dira eskenatoki gainera Xabier Terreros, Xabier Legarreta, Diego Riaño, Jose Juan Zubieta Etxabe eta Ekaitz Astiz. Kanporaketa honen ondoren jakinen dugu zein 17 bertsolarik lagunduko dioten Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan Julen Zelaietari. Aimar Karrikak, Jon Barberenak, Sotok, Olaetxeak, Lagomak eta Elosegik dagoeneko lortu dute txartela. Bihar Tafallan zuzeneko txartela lortuko dute beste bik. Beste 9 leku geratuko dira puntuazio onena duten gainerako bertsolarien artean banatzeko. Igantzin lortutako 177 puntuekin matematikoki sailkatua dago Eneko Lazkoz.