Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Garizuma aurreko ospakizunak herri askotan aldi berean ospatzen direla jakinik, guztiak bisitatu ezin dituenak Sakanako inauteriak ezagutzeko aukera paregabea du hurrengo egunetan. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Mikel Nazabalen Sakanako inauteriak lanaren bost emanaldi antolatu ditu, ihoteak ezagutu eta haien izpirituaz kutsatzeko. Mikel Nazabalek aspaldi azaldu zuen Sakanako gaiekiko kezka eta hori, mapa, bideo eta bestelako euskarritan izan du isla. Ibarrari buruzko kezka horren fruitu izan zen Sakanako inauteriei buruz 1997an egin zuen diaporama. Argazkien, ahotsaren eta musikaren laguntzaz neguko ospakizun sakandarrak ezagutzera eman zuen lan ederra prestatu zuen. Ihoteak, han eta hemen, berreskuratzen ari zirela ikusita, 2002an ikuskariaren bertsio berria egin zuen Mikelek. Orduko hartan Irañeta, Uharte Arakil eta Bakaikuko inauteriei buruzko irudiak eta informazioa gehitu zituen. Ihoteak, ordea, ospakizun bizia dira eta Mikelek berak material gehiago bildu du. Argazkiei bideoa batu zaie eta bildutako material guztiarekin ikus-entzunezko berria egin du. Gainera, Hiriberri, Lizarraga eta Ziordiaren berri ere jasotzen du oraingoan. Beraz, Sakanako inauteriak ezagutu nahi dituenak aukera paregabea du egun hauetan. EgutegiaOtsailaren 13an, ostiralarekin, 20:00etan Olatzagutiako kultur etxean.Otsailaren 17an, asteartearekin, 19:30ean, Irurtzungo kultur etxean.Otsailaren 20an, ostiralarekin, 20:00etan Etxarri Aranazko kultur etxean.Otsailaren 20an, ostiralarekin, 22:00etan Arbizuko udaletxean.Otsailaren 23an, astelehenarekin, 20:00etan, Urdiaingo herriaren etxean.