Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean ELAko ibarreko hainbat ordezkarik bilkura egin zuten, krisi garai honetan Sakana "alerta gorrian" dagoela nabarmendu zuten. ELAko kideek azaldu zutenez, ibarrean "badira egoera larrian dauden hainbat enpresa, besteak beste: Montajes Zapardi, Dinescon, Omnia, Carsal, Eguzkia, Recindsa... Baliteke gainera, aurrekoen moduan, Sunsundeguik espedienteren bat aurkeztea". Gorka Vierge delegatuak salatu zuenez "Nafarroako Gobernuak horretan badu ardura. Enplegu planen bidez ez da ibarrera dirurik etorri, ez da lanposturik sortu eta krisia etortzean eragina nabaria da". Nafarroako Gobernuari, patronalari eta UGT eta CCOO sindikatuei ELAko ordezkariak eskatu zien argitzeko "enplegu planen bidez eskualdera bideratutako diru publiko kopuru handia non dagoen". ELAko kideak esan zigunez, "kezka handia da, langabeziaren ia %18an gaude eta horrek gizartearen arlo guztietan eragina du". KanpainaKrisiaren aurrean ELAk informazio kanpaina bat abiatuko du Sakanan, etxe guztietara iritsiko dena. Haren bidez krisiaren arrazoiak azaltzeaz gain, ekonomia egoeraren erantzuleak zein argitu nahi du ELAk. Sindikatuak salatu duenez "herri honetan sortu den aberastasuna oso gaizki banatuta dago". Horregatik hainbat arlotan aberastasunaren banaketa "zuzena eta orekatua" eskatzen du ELAk, hau da, "soldata gehiago, enplegu gehiago, gizarte gastu gehiago eta justizia fiskal gehiago" . Sindikatutik gehitu dutenez, "enpresei eta kapitalen errentei barkatzen dieten dirutza beharrezkoa du sektore publikoak gizarte gastua handitzeko". Krisi garai honetan gobernuak eta patronala "eskutik" doazela salatu du ELAk. Sindikatuak dio "ekonomia eredua eta praktikatutako politikak porrot egin dute". ELArendako "langileriak bere interesak defendatzeko era antolatuan erantzun" beharra dago.