"Benetako aldaketak" eskatuko ditu LAB-ek igandean

Guaixe 2009ko otsailaren 13a

Sakanako langileria alerta gorrian. Lelo hori izanen du iganderako LAB-ek Altsasun deitu duen manifestazioak, eta 19:00etan Foruen plazatik abiatuko denak. Mobilizazio horrekin sindikatu abertzaleak eredu kapitalista krisian dagoela eta "makinaria oso baten doikuntzaren aurrean" gaudela salatu nahi du. LAB-endako "patronala eta administrazioa eskutik" doaz eta eredu kapitalistan "sakontzeko" neurriak hartzen ari dira. Etziko manifestazioarekin LAB-ek, alde batetik, Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu nahi du, "enplegua erregulatzeko espedienteak onartzen dizkielako azken urtetan langileon izerdi eta osasunaren irabazi itzelak izan dituzten enpresariei". Bestetik, LAB-ek enpresarien jarrera ere salatuko du, "bere doikuntza prozesuetan Sakanako ehun industriala eta langileon lan baldintzak suntsitzen ari direlako". LAB-en iritziz "kapitalaren ofentsiba horren aurrean langileak izan behar dugu beharrezko aldaketaren motorra". Sindikatuak Sakanako gizarteari "haserrea eta protesta egiteko marko bat eskaini nahi diogu hartu diren neurri guztiak salatzeko eta elkartasuna, aberastasunaren banaketa edota lanaren banaketa bezalako aldarrikapenak berreskuratzeko, benetako aldaketak exijitzeko".