The whitest boy alive -rules-

Guaixe 2009ko otsailaren 13a

The whitest boy alive 2003. urtean Berlinen sortutako taldea da. Taldea Erlend Øye abeslari eta kitarra joleak sortu zuen, Marcin Öz bajua, Sebastian Maschat bateria eta Daniel Nentwig piano jolearekin batera.2006. urtean lehendabiziko lana kaleratu zuten, "Dreams". Sortutako musika oso pertsonala da, presentzia handia daukate baxuak, landutako erritmo bitxiekin, guitarrak eta ahotsak. Esan daiteke diskoa minimalismoaren barruan mugitzen dela, nostalgia eta tristura puntu batekin. Oso disko basikoa eta erritmikoa da, melodia hotz eta distanteekin askotan. Soinua oso garbia da, oso metikulosoa.  Erreferenteak? Oso zaila egiten zait baten bat aipatzea. Taldea bi urte egon da kontzertuetan murgilduta eta 2008. urte hasieran Mexikora joan zen bigarren diskoa sortu eta grabatzera.Aurten kaleratu dute bigarren lana, "Rules" izenpean. Diskoa berriz ere pop estiloaren barruan dago baina Brasilgo musikaren eraginaren menpe. Rules diskoan bossa novak lortzen du sintetizadoreak eta daft punk taldearen presentzia gutxitzea, baina acid jazz elektronikoarentzat ere lekua badago.Dreams disko nostalgikoak hausnarketara eramaten gintuen bezala, Rules-ek dantzatzera  gonbidatzen gaitu.Baxuak eta kitarrak diskoa betetzen dute eta bateriak jazz konponketekin jolasten du.Disko honetan ere Erlend Øye abeslariak zoragarri abesten du pasibitate edo erlajazio puntu batekin.Rules diskoa pop disko bat besterik ez da, baina jakinduria handiaz eraikitako lan txukun bat da, entzuteko oso atsegina eta ia produkzio perfektu batekin.Ziur diskoa 2009ko pop zerrendetan onenen artean egonen dela eta agian gutxien entzundakoen artean ere... Ernesto Leitza