Bengoetxea VII.a eta Gorriti Bizkaiko Irekiko finalerdietara

Guaixe 2009ko otsailaren 9a

Asteburuan V. Bizkaiko Irekiko final laurdenak jokatu ziren. Larunbatean, Zierbenan, Camarero II.a eta Altuna nagusitasun osoz gailendu ziren Jorge Nagoreren eta Mitxelenaren aurrean. Altuna izan zen, akaso, partidako onena, eta Camarerok erremateetan haztatu egin zuen. Jorge Nagore saiatu egin zen, baina ezin. Mitxelenak partida ona jokatu zuen, baina ezin izan zuen Altuna ikusgarria estu hartu izan. Horrela, jokatutako bi jokoetan 10-4na nagusitu ziren Camarero II.a eta Altuna, finalerdietara sailkatuz. Beste partidan Alvaro Gomez eta Zabalak Mikel eta Larramendi hartu zituzten menpean, jokatutako hiru jokoetan 2 eta 1 nagusituz.  Eta atzo, Gordexolan, Bengoetxea VII.ak eta Gorritik Antxia eta Huarte irabazi zituzten, finalerdietarako sailkatuz. Partida gogorra izan zen eta lau pilotariak bikain aritu ziren. Gorritik bere kolpea berreskuratu zuen eta atzelari aparta zela demostratu zuen, eta aurreko koadroetan Bengoetxea VII.ak oso tanto ederrak egin zituen. Lehen jokoa eurendako izan zen (5-10). Antxia gogor saiatu zen baina Huartek behera egin zuen bigarren jokoan eskuina galdu baitzuen. Hala ere bigarren jokoa Antxia eta Huarterendako izan zen (10-6), eta hirugarrenean erabaki zen dena. Hirugarrenean pilota guztiak atzera bota zituzten Bengoetxea VII.ak eta Gorritik, arerioak 1-5 menpean hartuz. Beste partidan, Urdaniz eta Garmendiak Amantegi eta Arretxe hartu zituzten menpean, bi jokotan nagusi izan eta gero. Bizkaiko Irekiko finalerdiak Basaurin jokatuko dira larunbatean, hilak 14, 17:30etik aurrera. Camarero II.a eta Altuna Alvaro Gomez eta Zabalaren kontra ariko dira, eta Bengoetxea VII.a eta Gorriti Urdaniz eta Garmendiaren kontra.