Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuko eguraldi txarrak eta elurteak eragina izan zuten Erregional mailan ere, jokoan zeuden partida gehienak atzeratu behar izan baitituzte. Hori da Etxarri Aranatz eta Ondalanek jokatu beharreko lehiaren kasua, Etxarri Aranazko San Donato futbol zelaia guztiz txurituta baitzegoen, bertan jokatu ezinda. Horregatik, partida atzeratzea erabaki zen. Hala ere, Altsasuk eta Lekunberriko Beti Kozkorrek partida jokatu zuten, Dantzalekun. Oso partida ikusgarria izan zen, gola eta garaipena bilatu zuten bi taldeen artekoa. Tarte batzutan Altsasuk kontrolatzen zuen lehia, bestetan Beti Kozkorrek, baina bukaeran kontrako atean hobe haztatu zuen taldea izan zen irabazlea: Altsasu. 38. minutuan heldu zen Altsasuren lehen gola Aaronen aldetik, eta bigarren gola 67. minutuan sartu zuen Sergiok. Infanzones taldea da erregional mailako hirugarren multzoko liderra, 41 punturekin. Etxarri Aranatz laugarrena da, 36 punturekin. Altsasu seigarren tokira igo da, eta 25 puntu dauzka. Asteburu honetan 19. jardunaldia jokatuko da. Infanzones liderraren kontra ariko da Altsasu igandean, liderraren etxean. Ez dago esan beharrik partida oso konplikatua izanen dela, baina irabaziz gero Altsasuk puntuak pilatuko ditu eta gainera, mesede ederra egingo dio goi postuetan dagoen Etxarriri. Bestalde, Etxarri Aranatzek Noainen jokatuko du larunbatean, 37 punturekin hirugarrena den Bidezarraren kontra. Hain justu sailkapenean euren gainean dagoen taldea da Bidezarra, eta galdutako hirugarren postua berreskuratu nahi badute etxarriarrek ongi jokatu eta hiru puntuak ekarri beharko dituzte Noaindik.