Sakanako taldeen lan ona

Guaixe 2009ko otsailaren 10a

Asteburuan Estatuko B mailako Areto Futboleko 16. jardunaldia jokatu zen. Uharte Arakilgo Aralar Mendik ez zuen huts egin eta 4-6 hartu zuen menpean Castejon taldea. Liderrak, Kirol Sportek, 5-7 irabazi zuen eta horregatik lidergoan jarraitzen du, Aralar Mendi oso gertutik duela. Bestalde, Irurtzungo Xotak hiruna berdindu zuen RVC-rekin. Gauzak horrela, Kirol Sport da lider, 37 punturekin, eta Aralar Mendi da bigarrena, 36 punturekin. Xota bosgarren tokira igo da, 27 puntu pilatuta. Nolanahi ere Gazte Berriak seigarrenak, eta Castejon zazpigarrenak puntu berberak dituzte, eta hortaz oso garesti dago postuak igo eta mantentzearen kontua. Larunbatean 17. jardunaldiari ekingo diote taldeek. Aralar Mendik etxean jokatuko du, Uharte Arakilgo Larrebieta kiroldegian, 11 punturekin sailkapenean azkenaurrekoa den UPNAren kontra. Ea bigarren postua mantentzeko edo lidergoa eskuratzeko jokoan dauden hiru puntuak bereganatzen dituen. Eta Xotak ere etxean jokatuko du, Irurtzungo kiroldegian, 29 punturekin laugarrena den San Juan taldearen kontra, hain zuzen, bere gainean dagoen taldea. Etxean jokatzeak ea beharrezko laguntza ematen dion taldeari, irabaziz gero Xotak laugarren postua eskuratuko bailuke.