Ezker abertzaleak LAB-en manifestazioarekin bat egin du

Guaixe 2009ko otsailaren 11

Ekonomi krisia eta haren ondorioengatik protesta egiteko LAB sindikatuak igande arratsalderako manifestazioa deitua du Altsasun. Sakanako ezker abertzaleak deialdiari bere babesa eman dio eta sakandarrak mobilizazioan parte hartzera deitu ditu. Hala eman dute jakitera Juanjo Goikoetxeak eta Fran Baldak, EAE-ANV-ko Altsasu eta Arbizuko zinegotziek asteartean emandako prentsaurrekoan. Ekintzaileek prentsa agerraldian azaldu zutenez "arazoa ez da krisi ekonomikoa, iraunkorki krisia sortzen duen sistema bera" baizik. Egungo krisiaren arrazoiak nabarmendu ondoren ezker abertzaleko kideek haren erantzule egin zituzten "politika eta ekonomia erabakiak hartu eta babesten dituztenak". Eta gaineratu zuten "haien onuren arabera krisiari irtenbidea eman nahi dioten pertsona berak" direla egungo egoeraren erantzuleak eta "boteretsuen interesak" besterik ez dituztela "babesten" gehitu zuten. AlternatibaHorren guztiaren aurrean ezker abertzaleak "Euskal Herria gorria, berdea eta morearen alde alternatiba" osatu duela nabarmendu zuten. Eredu sozial eta ekonomiko horretan, besteak beste, neurri hauek jasoak leudeke: lanaldia eta jubilazio adina murriztu; langabetuendako diru-laguntzak handitu; zerbitzu publikoak indartu; zerga zuzenak handitu; banka nazionalizatu; etxebizitza oinarrizko eskubide gisa ezarri edota eskubide zibil eta politikoak berreskuratu. Ezker abertzalea "sozialismoaren aldeko estrategiaren zerbitzura"  jarri dela esatearekin batera, "sistema kapitalista gainditzeko mobilizazioak eta antolakuntza baliogarriak" izanen direla adierazi zuten.