Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aralarko Mikel Donea institutuko ezkaratzetik pasatzen diren guztiek urari buruzko erakusketa bat ikusteko aukera dute. Besteak beste, etika, erlijioa eta filosofia ikasgaian urari buruzko dekalogoa prestatu dute. Historia ikasgaian urarekin lotura duten Sakanako toponimoak, mitoak eta kondairak jaso dituzte. Fisika eta kimikako ikasgaian Arakil ibaiaren eta haren ibaiadarretan uraren kalitatea aztertzeko 8 analisi egin zituzten. Horretaz gain, plastika ikasgaian Urdiaingo errotaren maketa, ur botilez eta ogitartekoak biltzen duen aluminioarekin instalazioa osatu zuten.Hori guztia landu zuten institutuko DBH-ko eta batxilergoko lehen mailako berrehun bat ikaslek eta uraren kontsumoaren inguruan sentsibilizatzeko balio izan zuen. Institutuan, aurreko ikasturtean, Agenda 21 gaia lantzeko asmoa agertu zuen Marian Ferreiros fisika eta kimika irakasleak. Erronka onartu eta hasiera batean hondakinen gaia landu bazuten ere, ondoren ura hartu zuten gaitzat eta ikasturtean zehar hainbat ikasgaietan gaia landu zuten. Jarduerak Uraren Gazte Foroan parte hartzera eraman zituen. SegidaAurreko ikasturtean abiatutako ildoan sakonduko du institutuak eta hondakinen gaia landuko dute oraingoan. Eukene Durana irakasleak esan digunez "birziklatzeko ohitura sortu eta ikastetxearen eta bere inguruko ingurumena hobetu nahi dugu". Eukenek berak azaldu digunez egitasmoak hurrengo ikasturteetan jarraipena izanen du eta ingurumenarekin zerikusia duten beste arlo batzuetara zabalduko da, "beti ere, ikasleen sentsibilizazioa bilatuz".