Aurreko astean publikatu genuen berri bat zuzendu beharrean gaude, inolako asmo txarrik gabe eta jasotako berri baten interpretazio okerra eginez Guaixek zuzena ez zen berri bat argitaratu baitzuen. Aurreko astean publikatu genuen 4x4ari buruzko web gune berria sortu zela Sakanan, www.sakana4x4.com izenekoa, eta hori hala da, baina Guaixek interpretatu zuen duela bederatzi bat urte Etxarri Aranatzen sortutako Basati 4x4 klubak izena aldatu eta 4x4 Sakana izena hartu zuela, eta hori ez da horrela.Kontua da iaz Basati 4x4 klubak Utzubar industri gunean antolatutako topaketari izena aldatu ziola, Sakana Basati 4x4 izendatuz, urtez urte Basati 4x4 taldera Etxarri eta Arbizuko gidariez aparte geroz eta herri gehiagokoak hurbiltzen zirelako. Sortutako web gune berriaren informazioa jasotzerakoan Sakanako astekariak interpretatu zuen Basatik taldeari izena aldatu eta 4x4 Sakana izena jartzea erabaki zuela, baina ez da horrela eta barkamenak eskatu beharrean gaude, nahasmena sortu dugulako. Argitu beharrekoak argituta, gaur egun 4x4ko bi talde ditugu Sakanan: duela 9 bat urte Etxarri Aranatzen etxarriar eta arbizuar gidari batzuk sortutako Basati 4x4 taldea, eta berriki Arbizu aldean sortu den 4x4 Sakana taldea. Bi taldeek bere web orri propioak dauzkate - lehenak www.basati4x4.com eta bigarrenak www.sakana4x4.com - eta funtzionamendu edo ibilbide propioa. 4x4ko zaletuek, bada, badute non aukeratu. Basati 4x4Basati 4x4 taldean lur orotako ibilgailuak eda 4x4 delako ibilgailuak maite dituzten gidari sakandarrak biltzen dira eta 4x4 erakustaldiak eta topaketak antolatzeaz gain, bidaiak egin eta beste tokietan antolatutako probetan ere parte hartzen dute. Taldea zabalik dago 4x4arekiko zaletasuna duten gidari guztiendako. Oraindik ez dute zehaztu aurten noiz eginen duten urtetik urtera arrakasta gehiago duen 4x4 topaketa - iazko topaketa jendetsuena izan zen, larunbata eta igandea kontuan hartuz 7.000 zale inguru hurbildu baitziren - , baina ziurrenik maiatzean izanen da, Etxarri Aranatzen, gainontzeko taldeek antolatutako datak ez zapatzeko. Izan ere, Lekunberrin martxoaren 14an trial topaketaren bat antolatu nahi dute, eta 4x4 Sakana taldeak martxoaren 28an eta 29an antolatuko du topaketa, Arbizuko industri gunean. 4x4 Sakana4x4 Sakana taldea sortu berria da, baina sortzaileek esperientzia dute 4x4 munduan, aurretik beste taldetan aritu zirelako. 4x4az gain triala lantzen dute, eta erakustaldiak eta topaketak antolatzeaz gain, bidaiak egitea dute maite, basamortura eta beste joatea. Esaterako, udan Libian izan ziren eta neguan Marokon, 4x4 ibilgailuekin eta trial motorrekin ibilbideak egiten, eta bidaiekin jarraitzea da elkarteko kideen asmoa. Elkarte honek ere ateak zabalik dauzka motorra maite duten gidari eta pilotu guztiendako. Duela gutxi Mendavian trial erakustaldia antolatu zen eta 4x4 Sakanako taldeak izan ziren antolakuntzan laguntzen. Ildo honetan, Euskadi mailan trial kopa antolatzea dute buruan, beti ere amateur kategoriakoa, probei seriotasuna emateko. Kirol hauek nahiko gaizki ikusiak daudenez segurtasun arauak bete eta segurtasuna zaintzea ezinbestekoa ikusten dute. 4x4 Sakanak 4x4 topaketa antolatuko du martxoaren 28an eta 29an Arbizuko industri gunean. 7 gune prestatuko dituzte eta gidariek bi norabideetan zeharkatu beharko dituzte gune horiek. Larunbatean 15:30etik 20:00etara ariko dira eta gauean gaueko erakustaldia eginen dute, eta igandean 10:00etatik 13:00etara ariko dira.