Nahiz eta partida bat galdu, Irurtzun nagusi

Guaixe 2009ko otsailaren 11

Asteburuan Espainiako Kluben Arteko Txapelketako bosgarren jardunaldia jokatu zen. Dagoeneko txapelketa erdia baino gehiago pasa denean, perfilatzen dira buruan zein talde egon daitezkeen. Eskuzko modalitatean, B multzoko banakakoan Irurtzun jaun eta jabe da. Bere multzoan sei talde daude eta jokatutako bost partidak irabazi dituzte irurtzundarrek. Ezkaray taldea da bigarrena. B multzoko eskuz binakakoan Irurtzun dago buruan, nahiz eta jardunaldi honetan Madrilen kontrako partida galdu. Ezcaray, Madrid eta Zugarralde berdinduta daude, hiruna garaipen eta bina porrotekin. Bestalde, A multzoan Huartek eskuz binaka eta eskuz banakako partidak irabazi zituen. Altsasuk eskuz banakakoan irabazi zion Burgoseko San Cristobali, baina eskuz binaka galdu egin zuen. Eskuz banakakoan Almeria da liderra eta Huarte bigarrena. Gauzak dauden bezala, sailkapen orokorrari begira, Huartek eta Irurtzunek txapelagatik lehiatzeko aukerak dituzte, Zugarralde eta Altsasuk salbazioa lortzeko lehia jokatuko lukete eta San Migelek jaitsi eginen luke. Baina oraindik txapelketak aurrera jarraitzen du.