2009ko Rural Kutxa bihar aurkeztuko dute, Vianan

Guaixe 2009ko otsailaren 13a

Burunda Txirrindularitza Klubak bihar eginen du klubeko taldeen aurkezpena. Orain arte Sakanan egiten zuten aurkezpena, baina aurten, ezohiko moduan, Vianako Bodega Rioja Vega upeltegian eginen dute ekitaldia, 16:30etik aurrera. Ondoko taldeak aurkeztuko dituzte: Katealde eskola, kadeteen Auto Talleres San Migel taldea, juniorren Rural Kutxa eta elite eta 23 urtez azpikoen Rural Kutxa afizionatuen taldea. Jakina denez, Burunda Txirrindularitza Klubak goitik behera indartu du afizionatuen mailako Rural Kutxa taldea. Ia garaipenik gabeko trantsizio urtearen ondoren, historikoki afizionatu mailan izan duen lekua berreskuratu nahi du Burundako taldeak, eta helburu horrekin iraultza egin du: 26 txirrindulariko plantilla lehiakorrean 15 txirrindulari aurpegi berri izanen dira, Fabricio Ferrari eta Guillermo Lana puntako txirrindulariak eta Garikoitz Bravo eta Julen Gonzalez bikainak tartean. Txirrindulariek Eugenio Goikoetxea, Alejandro Hernandez eta Iñaki Juanikorenaren aginduak jarraituko dituzte. Rural Kutxa taldekoek hirugarren eta azken kontzentrazioa eginen dute gaur hasi eta igandera bitartean. Taldea otsailaren 22an hasiko da lanean, Badajozen Espainiako Kopa jokatuko baita eta Soraluzen 23 urtez azpiko torneoa.