Bigarren kanporaketan, Aldabidek Añorga du arerio

Guaixe 2009ko otsailaren 13a

VI. Berria txapelketako bigarren kanporaketa martxan da. Arbizuko Aldabidek lehendabiziko kanporaketan Azpeitiko Ilunpe erraz gainditu eta gero oraingoan Añorga taldea izanen du arerio. Aldabide eta Añorgako taldeek aurkeztutako hiru bikoen arteko lehia gaur jokatuko da, otsailaren 13an, ostiralarekin, 21:30ean, Arbizuko pilotalekuan. Kadeteetan Aldabideko Zelaia eta Gabirondo ariko dira lehian, Añorgako Manterola eta Lizasoren kontra. Gazteetan, Ezkurdia II.ak eta Lukinek ordezkatuko dute Aldabide, Añorgako Jauregi eta Maizaren kontra ariko direlarik, eta helduetan, Ezkurdia I.a eta Bergera ariko dira Aldabideren izenean, Añorgako Intxausti eta Jauregiri aurre egiten. Nahiz eta Arbizuko taldea faborito izan, lehia oso biziak espero dira. Aldabidek Ilunperen kontra bezain ongi jokatzen badu aurrera egiteko aukera nabarmenak izango ditu. Gaurko lehia irabazten duen taldeak Zugarralde eta Iparralde taldeen artean gailentzen dena izango du arerio hirugarren kanporaketan.