Telebista analogikotik digitalerako trantsizioa urte akaberan eginen da

Guaixe 2009ko otsailaren 17a

Nafarroako Gobernuak Espainiako Industria Ministerioarekin adostu du itzaltze analogikoa edo lurreko telebista digitalerako (LTD) trantsizioa aurreratzea. Nafarroa hegoaldean ekainean eginen dute emisio sistema batetik besterako trantsizioa. Erkidegoaren gainontzeko zatian heldu den urteko apirilerako egitea aurreikusia zegoen. Erabakiak, beraz, lau hilabete aurreratu du LTD gure etxeetan sartzeko aukera.  Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, bi aldeen arteko akordioa sinatu da "Foru Komunitatean LTDren estaldura handia lortu delako Nafarroako Gobernuaren inbertsio-ahaleginari esker, eta zentro berrigorleetako teknologiak konbinatzeko, kableak hedatzeko edo landa-inguruetan sateliteak erabiltzeko lanak aurreratu direlako". Gobernutik jakitera eman dutenez, iaz LTDren estaldura Nafarroan herritarren %95engana iristen zen. Aurten LTD gainerako %5ei eramateko lan teknikoak egiten ari da gobernua. ETBItzaltze analogikoak ekarriko duen ondorioetako bat da Euskal Telebista ikusteko ezintasuna. ETBko kateak Nafarroan ikusteko gobernuak ministerioari multiplex bat eskatu behar dio. Edo bestela esanda, LTD bidez telebista kateak ikusteko lizentziak. Sistema digitalak horretarako erraztasunak ematen du.Baina Nafarroako Gobernuak ez du zehaztu multiplexa eskatu duen edo ez. Nafarroako Gobernuak ETB ikusi ahal izateko jartzen dituen baldintzen artean dago "Nafarroako errealitate instituzionala errespetatzea". Nafarroako Gobernuak aurreko astean azaldu zuen ekainerako hitzarmena prest egotea nahi luke. Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan ere izan da Nafarroako Gobernua.