11 entsegu, kontzertu eta grabazio orduren ondoren, astelehenean atera zen kalera Vendetta taldearen lehen diskoa, GOR diskoetxearen zigiluarekin. Pello Reparazek Beleixe irratian esan gisa, taldea erdi-sakandarra dela esan dezakegu: Etxarrikoa da Luisillo Kalandraka, Arbizukoa Pello Reparaz eta taldeko abeslari Javier Etxeberria Irurtzunen bizi da. Taldearen sorreraSkalariak taldeko Luisillo Kalandraka etxarriarra (baxua eta kontrabaxua) eta Javier Etxeberria (gitarra eta ahotsa) dira taldearen sortzaileak. Ska taldeak atseden hartzea erabaki zuenean, bi lagunek aspaldiko asmoari ekin zioten buru-belarri: elkarrekin proiektu berria abiarazi zuten. Bien arten zenbait kantu landu eta taldekide berrien bila hasi ziren. Skalariak taldearen azken txanpan aritu ziren Enriko Rubiños (bateria) eta Ruben Anton (tronpeta) egitasmora batu ziren. Taldea Pello Reparaz tronboi jole arbizuarrarekin osatu da. Orain dela urte eta erdi jarri zuten martxan egitasmoa. "Skalariak taldea azken jiran zegoen orduan, baina elkartzeko denbora aurkitzen genuen" esan zuen Pellok Beleixe irratian. Kontzertuak ematen hasi eta GOR diskoetxearekin sinatu zuten berehala. Horri esker iritsi zen Vendetta herriko tabernetara. Iruñeko diskoetxeak udara begira ateratzen duen Gorakada bilduma diskoan sartu zuen Vendettaren Credito hipotecario abestia. Taldearen aurrerapena izan zen. Ska boskoteak 20 bat kontzertu eman ditu dagoeneko. Horietan ikusi daiteke Vendetta bere-berean. "Zuzenekotarako jaio da gure musika, zuzenekorako da gure taldea" dio Pellok. Entzuleen aldetik ere erantzun ona jaso dutela azpimarratu du "itxaropen handiak zituen jendeak, Skalariak izen handiko taldea baitzen" azaldu zuen. Sakanan ere behin baino gehiagotan gozatu ahal izan dugu haien zuzenekoaren bizitasunarekin. Kontzertu eta kontzertu artean haien musika faltan botatzen duenak aukera paregabea du orain labetik atera berri den diskoarekin. Vendetta diskoa11 hilabetetan egindako esperimentazioaren ondorio da Vendetta diskoa. 2008aren amaieran hasi zituzten grabaketak K estudioan. Prozesua luzea izan da, baina polita. Bi hilabeteko lan gogorraren ondoren, pozik geratu dira lortutako emaitzekin. 11 kantu berri eta The Selecter-en Everyday abesti mitikoaren (Hertzainak taldeak bere garaian Egunero abestian bertsionatua) eta Jack Marshall-en The munsters abestiaren bertsio instrumentalak osatzen dute labetik atera berri den CD-a. Jabierrenak dira abesti gehienak, baina badira Luisillo eta Pellorenak ere. Diskoak agerian uzten du taldeko kideen istorioa: ska musika oinarri hartuta, rock-aren kutsua ere sumatzen da eta skinhead-reggae eta latin-corea estiloei ere ateak irekitzen zaizkie. Zenbait lagunen kolaborazioa izan dute CD-an, Leihotikaneko Gorka, Kerobiako Xabi, eta Amparanoyako Tilorena, esaterako. Umoreak eta errebindikazioak bat egiten dute Vendetta diskoan. Esperientzia handiko musikariakUrte beteko historia du Vendetta taldeak. Baina ezin denbora horretara mugatu taldearen muina ulertzeko. Taldekideen ibilbide profesional luzearen ondorio da Vendetta. Sakandarren ibilbidea ikusi besterik ez dago taldekideen esperientziaz jabetzeko. Luisillok Burdi taldean egin zituen bere hastapenak, 80. hamarkadaren amaieran. Denborarekin rock edo heavy-tik haratagoko musika ezagutzen hasi, eta lehen harremana izan zuen folkarekin. Esperientziak lagun berriak egiteko eta, batez ere, baxu jole paregabeak ezagutzeko balio izan zion. Bizitzak Iruñera eraman zuen Luisillo, bere ibilbidea markatu duen hirira. Tijuana in blue eta Huajalotes taldetako musikari ohiek osatutako Gestionik taldeak egin zion lehen eskaintza. Ondotik, Skalariak taldearen eskaintzak aurreikusiko ez lukeen estilo berrian sartuko zuen bete-betean: ska estiloan. 10 urte egin ditu talde horretako baxu jole moduan; 10 urte eta 500 kontzertu Euskal Herrian, Estatuan, Ameriketan eta Europan. Kontzertu eta kontzertu artean, proiektu berri batendako denbora ere hartu zuen Jabier Etxeberriarekin batera. Los Hurakanes taldearekin zenbait kontzertu eskaini zituzten. Hain zuzen ere lagun bera izan du alboan Vendettaren sorreran. Gazteagoa da Pello Reparaz arbizuarra, baina bera ere aspaldi igo zen lehen aldiz eszenatoki gainera. "Gogoan dut, Etxarriko Sukar Beltza taldearekin izan zen, 13 urte nituela" esan zuen Beleixe irratian. Stupenda Jonesekin ere ibilia da. Orain, Kaleginez taldean bera da bateriaren arduraduna. Arbizuarra izan da Vendetta taldeko azken fitxajea. "Luisillori beti gustatu izan zaio Sakanako fitxajeak taldetan sartzea. Oraingoan nitaz oroitu zen eta oso pozik nago" adierazi zuen Sakanako irrati euskaldunean. Vendetta taldean bat egin dute bi musikari sakandarrek. Diskoaren promozio fasea bete-betean dela, kontzertu andana dute begi-bistan. Suitzara ere eramanen ditu jirak. Hasi berri den ibilbideak luzaro iraun dezala.