Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, aste honetan bi gizon sakandar Foruzaingoak atxilotu ditu sexu indarkeriarekin zerikusia duten delituak egotzi ondoren. Lehen atxiloketa ostiralean izan zen. Atxilotutakoa 35 urteko gizon sakandarra da. Gobernuak zabaldu duenez, bikotekide ohiari, haren etxean, tratu txar fisiko eta psikologikoak emateagatik atxilotu zuten gizona. Bestalde, astearte goizaldean Foruzaingoak 31 urteko gizon altsasuarra atxilotu zuten. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, emakumea bere etxean zela, ustez, gizonak kolpatu zuen. Emakumeak gertaera salatzerakoan lesioen partea aurkeztu zuen eta aurretik bikotekideak tratu txarrak eman zizkiola salatu zuen.Sexu indarkeria jasaten duten biktimendako aholkuak:- Erasoa gertatzear bada. Ahal izanez gero, berehala Poliziari deitu. Foruzaingoaren larrialdi zenbakia 112 da.- Erasoa gertatuz gero. Konfiantzazko norbaiti kontatu jazotakoa, eta laguntza eskatu.- Zauriak edukiz gero. Gertuen dagoen osasun etxera joan, gertatutakoa azaldu eta medikuaren txostena eskatu. Txostena oso garrantzitsua da salaketa jartzeko orduan.- Zauriak izan gabe ere. Udaletako gizarte zerbitzuetan laguntza psikologikoa, juridikoa eta ekonomikoa eska dezakete biktimek.- Babesa behar izanez gero. Eskatu babes agindua polizia etxean, auzitegian edo gizarte zerbitzuetan.-Informazio gehiago. Eguneko 24 orduetan eskura dago 016 doako telefono zenbakia, Espainiako Gobernuak biktimen arretarako jarritako telefonoa. Deiak ez du arrastorik uzten telefono fakturan.