Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bidezarra eta Etxarri Aranatzen arteko lehia interesgarria izan zen, igoera fasean egon nahi duten bi talderen arteko lehia, hain zuzen. Partidaren bigarren zatian Bidezarrak gol aukera gehiago izan zituen eta horietako batean Turrillasek haztatu egin zuen, 80. minutuan hain zuzen ere. Eta partida horrela bukatuko zela zirudienean, etxarriarrek izandako gol aukera bakarrean asmatu egin zuten eta Pablok bana berdindu zuen partida despeditzear zegoenean, 91. minutuan. Akaso Bidezarrak gehiago merezi izan zuen, baina futbola horrelakoa da. Bestalde, gol sorta ederra jaso zuen Altsasuk Obanosen liderraren eskutik, denbora baino lehen despeditu zen partidan, arbitroak Altsasuko bost jokalari kanporatu baitzituen. Horrek Altsasuko taldean eta zaletuengan sekulako haserrea sortu zuen. Nolanahi ere Infanzones izan zen partidako jaun eta jabe, joko oso serioa egin baitzuen. Raulek, Armandok, Juan Erasok eta Torranok sartu zituzten Infanzonesen lau golak. Sailkapen orokorrean Infanzonesek jarraitzen du lider, 44 punturekin. Etxarri Aranatz laugarren postura jaitsi da, 37 punturekin eta Altsasu zazpigarrena da, 25 punturekin. Asteburuan 20. jardunaldia dago jokoan. Larunbatean Lekunberrin jokatuko du Etxarri Aranatzek, 8 punturekin sailkapenean azkena den Beti Kozkor taldearen kontra. Altsasuk, berriz, larunbatean Aiegin jokatuko du, 8 punturekin sailkapenean azkenaurrekoa den Arenasen kontra. Bi partidak konplikatuak izango dira, baina puntuak Sakanara etortzea espero dugu.