Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Estatuko B mailako 17. jardunaldia jokatu zen. Uharte Arakilgo Aralar Mendik festa ederra ospatu zuen etxean, Iruñeko Unibertsitate Publikoko UPNA 14-4 hartu baitzuen menpean. Irurtzungo Xotak azkenaldiko sasoi onari eutsi zion eta 3-0 irabazi zion San Juan taldeari. Kirol Sportek ere 5-4 irabazi zion Castejoni, eta hortaz, lidergoari eutsi dio. Horrela, Estatuko B mailako Kirol Sport liderrak 40 puntu dauzka. Bigarrenak, Uharte Arakilgo Aralar Mendik, puntu bat gutxiago dauka, 39, eta Xota laugarren postura igo da, 30 punturekin. Hortaz, momentuz primerakoa da talde sakandarren lana. Asteburuan 18. jardunaldia izanen da jokoan. Gima Ribera Navarra izanen du arerio Aralar Mendik, Tuteran. Partida larunbatean jokatuko da, 15:45ean, Jesuiten ikastetxeko kiroldegian. 29 punturekin seigarrena da Gima Ribera taldea, eta nahiz eta partida konplikatua izan, ea Uharte Arakilgoek azkeneko joerari eutsi eta garaipena lortzen duten. Bestalde, Xotak Antsoainen jokatuko du larunbatean, 20:00etan, bertako kiroldegian, 30 punturekin sailkapenean bosgarrena den Gazte Berriak taldearen kontra. Arerio zuzenak dira biak puntutan berdinduta baitaude, eta hortaz, ea emozioz betetako lehia honetan jokoan dauden puntuak eta sailkapena bera Irurtzungo taldearen aldekoak izaten diren.