Urtasun eta Martinezek gaur ekingo diote Algarveko Itzuliari

Guaixe 2009ko otsailaren 18a

Gaur hasi eta igandean despedituko da Portugalgo Algarveko Itzulia. Parte hartuko duten 20 taldeen artean Euskaltel-Euskadi dago, eta bertako Egoi Martinez etxarriarra eta Pablo Urtasun urdiaindarra ariko dira lanean. Zehazki, Koldo Fernandez de Larrea esprinterra eta Egoi Martinez izango dira taldeburu, eta gainontzeko taldekideak, Pablo Urtasun barne, haiendako talde lanean ariko dira. Aipatzekoa da Valentziako Itzulia jokatu ez izanak mesedea egin diola Algarveko lasterketari, izarrez beteta baitago, bereziki esprinterrak: McEwen, Haussler, Hammond, Forster, Ciolek, Van Avermaet... baina faboritoen artean daudenak Contador, Klöden, Cunego eta Colom dira. Hortaz, Euskaltelek ez du lan erraza izanen. Gaurko etapa Albufeiran hasi eta Olhâon despedituko da, 173,6 km osatu eta gero.