Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo arratsaldean banatu ziren 2008ko Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria txapelketako sariak, Etxarri Aranazko Lasa Kirolak dendan. Aipatu txapelketa Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatzen du, Lasa Kirolak dendaren laguntzarekin. Helburua atletismoa bulkatzea da eta korrikalari sakandarrak Sakanan antolatzen diren probetan aritzera animatzea. Bada, iaz jokatutako bost proba ziren puntuagarriak 2008ko Sakanako Atletismo Koparako: maiatzaren 17an Iturmendin jokatutako IV. Aitzkozar Herri Krosa; irailaren 21eko Ergoienako Bira; urriaren 26ko Lakuntzako XII. Herri Lasterketa; azaroaren 16ko Sakanako VII. Herri Lasterketa; eta abenduaren 31ko Altsasuko San Silbestrea. Lasterketa bakoitzean Sakanako 10 korrikalari onenak puntuatu ziren, 10 neska eta 10 mutil, eta gutxienez bost proba hauetatik lautan aritu behar ziren korrikalariak. Gizonezkoetan Francisco Javier Gomez altsasuarra izan da Kopako garailea, 47 punturekin. Bigarren sailkatu da Urdiaingo Antton Zelaia (46 puntu) eta hirugarrena Altsasuko Juantxo Arregi (32 puntu) izan da. Emakumezkoetan Nuria Ongay satrustegiarra izan da Kopako irabazlea (50 puntu), eta haren atzetik sailkatu dira Jone Pelaez (42 puntu) eta Belen Mendoza (23 puntu) altsasuarrak. Lehenengoek kirol materialean gastatzeko 80na euro jaso zituzten, bigarrenek 60na euro eta hirugarrenek 40na euro. Saritutako sakandarrak pozik zeuden, izan ere, sariaz gain egiten zaien errekonozimendua asko eskertzen dute. Giro ederrean euren kontuetaz hitz egiten aritu ziren korrikalariak eta zerbait jateko eta edateko parada izan zuten Iturri Eder tabernan. Ildo honetan, Antton Zelaiak Francisco Javier "Pitxi" Gomez zoriondu zuen, Kopa irabazi izanagatik "Oso ona da korrikan, saria merezi du eta berarengatik pozten naiz" adierazi zuen urdiaindarrak, eta ohiko lasterketetan aritzeaz gain, mendi lasterketetan korritzen hasteko asmoa duela gaineratu zuen. "Korritzeko beste modu bat da. Lasaiago ibiltzen zara, ez da hain estresatua... bizpahiru lasterketa begiz jota dauzkat eta aurten asteko asmoa dut. Ea zer moduz nabilen" aipatu zuen.